HUHEZIk 40 urte egin ditu euskal gizartea eragiten.
Eskoriatza, 2016ko urriaren 18a. MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) 40. urteurrena ospatzen du aurten. Lau hamarkada horietan prestatutako irakasle euskaldunak milaka haurren hezkuntzaz arduratzen dira gaur egun Euskal Herriko eskola eta ikastoletan, edo komunikazioaren profesionalak dira ikus-entzunezko komunikabideetan edo erakundeetan. Horrek agerian jartzen du MONDRAGON UNIBERTSITATEAren zerbitzu publikoa.
Testua eta argazkia: Mondragon Unibertsitatea.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldiak gaur hasiko dira, Fakultatearen 40 urteko historia eta mugarri nagusiak jasotzen dituen “40 urtean euskal gizartean eragiten” izenburuko liburu eta dokumentalaren aurkezpenarekin.
Iñigo Ramírez de Okariz ikertzaile eta irakasleak idatzitako liburu horrek 328 orrialde ditu eta dokumental bat dakar berekin, Iñaki Bilbao eta Adrián Alonso ikasle ohiek Gradu Bukaerako Lan gisa egindakoa. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 1976an ekin zion bere jardunari, Eskoriatzako Irakasle Eskola zelarik.
1976az geroztik 7.000 ikasle baino gehiago igaro dira bere ikasgeletatik, Fakultateak eskainitako titulaziok burutzeko, bai gradukoak, bai gradu ondokoak, baita hainbat modalitatetako masterrak ere. Ikasle horietatik 5.071 irakasleak dira orain. Eskoriatzako Irakasle Eskola hura irakasleak euskaraz prestatzen zituen Euskadiko lehen fakultatea izan zen.
Gaur egun, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hainbat titulazio eskaintzen ditu Hezkuntzan, Komunikazioan eta Kooperatibismoan, gradu, master eta aditu tituluetan banaturik.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen erronken artean honako hauek azpimarra daitezke: batetik, berrikuntza pedagogikoan eta ikerkuntza eta transferentzian liderrak izaten jarraitzea, eta bestetik, Fakultatea nazioartekotzeko prozesua finkatzea, beste unibertsitate batzuekin egin beharreko aliantzen bidez.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen historia jasotzen duen liburua gaur aurkeztu eta ezagutarazi dute. Geroago beste zenbait ekitaldi gauzatuko dira, batez ere 2017ko maiatzean, bai akademikoak bai ludikoak, data historiko bat ospatzeko: Fakultatearen 40 urteko ibilbidea. Hala, 2017ko maiatzean, antolatuko dira Eskoriatzako campusean, beste batzuren artean, mahai-inguruak, musika kontzertuak, aurkezpenak eta ateak irekitzeko jardunaldia. Azken horretan, 40 urteko historia honetako protagonistek partekatu eta gogoratu ahal izango dituzte Fakultatean bizi izandako esperientziak. Gainera, maiatzaren 18an, HUHEZIko egungo ikasle eta langileek modu berezian ospatuko dute Fakultatearen Jaia, Txomin Txapel.
Iturria:mondraberri.com
Viewed 150 times