"Belaunaldien arteko elkarrizketak" mahai-ingurua eta dokumentalaren aurkezpena, urriaren 5ean, Aretxabaletako campusean.

Kooperarock egitasmoaren barruan, urriaren 5ean, "Belaunaldien arteko elkarrizketak" izeneko mahai-ingurua egingo dute Aretxabaletako campusean. Ekitaldia hasiko da 17:00etan eta bertan aurkeztuko dute Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle bikote batek gaiari buruz egindako dokumentala. Sarrera librea da.

Dokumentalaren egileaz gain, mahai-inguruan parte hartuko dute ikus-entzunezkoan protagonista diren gizon eta emakumeak, beste batzuren artean, Lurdes Idoiaga, Mikel Lezamiz eta Lander Diaz de Gereñu. Aretxabaletan egingo den aurkezpenera gonbidatuta daude, beste batzuen artean, ekonomia sozial eta solidarioko eragileak, Euskal Herriko unibertsitateetako kooperatibagintza ikertegiak, MONDRAGON Taldeko kideak eta ekonomia, hezkuntza eta kultura arloetako eragileak. Ekitaldiaren helburua da kooperatibagintzan aritu izan diren protagonisten arteko eztabaida piztea, beti ere, kontuan hartuta belaunaldi ezberdinen jokamoldeak eta genero ikuspegia. 

Ikus-entzunezkoaren egileak dira Aritz Aranburu eta Dani Sanchez, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleak. Belaunaldien arteko elkarrizketak dokumentala izan zen, iazko ikasturtean, ikasle horiek egindako Gradu Bukaerako Lana. 

Fakultateko Lanki ikertegiak bultzatu du Kooperarock proiektua, Donostia 2016 hiriburutza kulturalaren egitasmoaren barruan.

Iturria:mondragon.edu

 

like0

Viewed 164 times