NBE-ko Park Kyung-seo bakeaz eta giza eskubideez mintzatuko da MUren Oñatiko campusean.
Bihar, martitzena, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideei buruzko Ikerketa Zentroko lehendakariak, Park Kyung-seo irakasleak, hitzaldi bat emango du Mondragon Unibertsitateak Oñatin duen campusean. Hizlariak bakea, giza eskubideak eta pertsonen osotasunaren aldeko borroka izango ditu berbabide arratsaldeko 15:00etatik aurrera eta hitzaldiak ordubeteko iraupena izango du gutxi gora-behera.
Kyung-seo giza eskubideen defendatzaile ospetsua da nazioartean. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak gonbidapena luzatu dio, bere ikuspegia eman dezan XXI. mendeko biztanleek aurretik izango dituzten erronken inguruan: bakearen mezulari bilakatzea, giza eskubideekin adiskidetzea eta ingurumena babestea. Laburbilduz, pertsonen osotasun eta eskubideetan eta ingurumenean oinarritutako garapen ekonomikoaren eredua aplikatzea, XX. mendeko hazkunde eredutik urrun.
Hainbat herrialdetara eraman du bakeari eta giza eskubideekiko errespetuari buruzko mezua
Kyung-seo irakasleak 18 urtez jardun zuen Elizen Mundu Kontseiluan lanean, Genevan (Suitza), Asiako idazkariorde eta Asiako lantaldeko lehendakari gisa. Denboraldi horretan bidaia ugari egin zituen Asiako 31 herrialdetara eta garapen-bidean dauden Afrikako eta Latinoamerikako beste herrialde askotara. Oso aktiboa izan da eta herrialde horietara eraman du bakeari eta giza eskubideekiko errespetuari buruzko mezua. Era berean, herrialde horietako herritarren kezkak ezagutzeko jakin-min bizia erakutsi du.
Gaur egun, NBEko Giza Eskubideei buruzko Ikerketa Zentroko lehendakaria, NBEko Giza Eskubideen Mundu Sustapenerako Batzordeko lehendakaria eta Koreako Kooperatiben Gestio Zentroko lehendakaria da. Horrez gain, Koreako Kooperatibismoa Eratzeko Zentroaren aholkularia da. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak duela gutxi bereganatu du zentro hori ezarri eta abian jartzeko aholkularitza.
Bakearen defendatzailea eta mezularia den aldetik, NBAko giza eskubideen alorreko aditu horrek hainbat liburu idatzi ditu bakearen eta giza eskubideen sustapenari buruz, Korearen adiskidetzeari eta bategiteari buruz eta Koreako penintsulari buruz. Halaber, hitzaldi ugari eskaini ditu gai horietaz.
Source: mondraberri.com
206 visualizaciones