Mondragon Unibertsitateak, Bilboko Merkataritza Ganberak, ICIL Fundazioak eta AERCek hitzarmen bat sinatu dute.

Gaur, ekainak 28, Bilbon logistikari eta erosketen gestioari buruzko prestakuntza bultzatzeko xedez, lau aldeko hitzarmena sinatu dute: Bilboko Merkataritza Ganberak, Mondragon Unibertsitateak, AERCEk (Erosketa, Kontratazio eta Hornidura Profesionalen Elkarteak) eta ICIL Fundazioak – enpresei aplikatutako logistikari buruzko ikerkuntza, prestakuntza, aholkularitza eta dibulgazioa lantzen ditu –. Hitzarmen honen bidez, epe luzerako lankidetzarako oinarriak finkatzea eta lankidetza hori beste eremu batzuetara zabaltzea espero dute erakundeok.

Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, eta bi programarekin jarriko da martxan, Estatuko merkatuan logistika eta erosketen alorreko prestakuntzan erreferentzia izateko sortuak. Lau erakunde sinatzaileak elkarlanean arituko dira programa horien zuzendaritzan, gestioan eta irakaskuntzan, eta Mondragon Unibertsitatearen zigilupean emango dira.

Logistika Eragiketen Zuzendaritzako Masterra

Logistika Eragiketen Zuzendaritzako Masterra – Supply Chain Management Unibertsitatean titulatu berri diren gazteei zuzenduta dago, batez ere enpresa eta ekonomia zientzietako edo ingeniaritzetako graduatuei. Honen helburua da, alde batetik, ikasleei enpresetan sartzeko behar besteko ezagutza eskaintzea, horietan logistika eta erosketen alorreko eragiketen atalean aritzeko; bestetik, sektoreko joerak eta estrategiak erakustea eta, horrela, ikasleak enpresetan txertatzeko prozesua erraztea.

Logistika eta Erosketetako Executive Masterra

Bestalde, lau erakundeok Logistika eta Erosketetako Executive Masterra jarriko dute abian. Bigarren master hori enpresetako zuzendariei zuzenduta dago eta 2017ko otsailetik abendura bitartean emango da, Ganberan bertan. Ikastaro horren helburua profesionalei hornidura-katearen gaineko ikuspegi osoa eskaintzea da, eta managementaren, erosketen eta logistikaren alorretako adituek emango dute.

Iturria:mondragon.edu

like0

178 visualizaciones