Mondragon Linguak AEBetako enpresa bat erosi du.

Mondragon Linguak AEBetako Global Word Inc. enpresa erosteko eragiketa itxi du. Horrenbestez, nazioartean bere burua ezartzearen aldeko apustu garbia egin du kooperatibak.

Global Word enpresaren egoitza, New Jerseyn (AEB). | Ikusi handiago | Argazki originala

Mondragon Lingua kooperatiba 1973an sortu zen, Mondragon Korporazioko kidea da eta bere jarduera Hizkuntzen Industrian garatzen du prestakuntzaren, itzulpengintzaren nahiz komunikazioaren arloan.

2013an, Mondragon Linguak bere lehen urratsak egin zituen AEBetako merkatuan, bulego komertziala ireki zuelako Washington DCn. Horrela, bada, itzulpengintzako bezero nagusi batzuetatik (IBM, esaterako) eta nazioarteko zenbait erakunde nabaritatik hurbilago egon zitekeen, eta sektore pribatuko bezero berriak erakarri zitzakeen. Merkatu horretako aurreikuspen onak eta bere Plan Estrategikoan onartutakoa kontuan hartuta, enpresa erostea erabaki zuen, AEBetako merkatuan behar besteko ekoizpen-ahalmena edukitzeko.

10 langile eta 300 profesionalek osatutako sarea

Global Word Inc. itzulpen-zerbitzuetako enpresa da, 1995ean sortu zuten eta New Jerseyn dauka egoitza, Manhattanetik kilometro gutxira, hain zuzen ere. Bertan, 10 lagunek lan egiten dute, 300etik gora itzultzailek eta hizkuntzetako profesionalek osatutako sarea dauka eta komunikazio korporatiboaren zein giza baliabideen arloko itzulpen-zerbitzuetan dago espezializatuta. Bere zorroan, oso bezero nabarmenak daude: Johnson&Johnson, Aon Hewitt, Liberty Mutual eta Wyndham Hotel Group, besteak beste.

Mondragon Linguak enpresa bat erosteko egin duen bigarren eragiketa izan da, 2011n Madrilen garatutakoaren ostean. Orain dela gutxi, gainera, 2015eko maiatzean, bulego komertziala ere ireki zuen Parisen. Orain, Global Word enpresa erostean, nazioarteko ezarpenaren aldeko apustua egin du eta kooperatibak bezeroei zerbitzu globalagoa eskaintzeko daukan ahalmena indartu nahi izan du.

Iturria:GOIENA.eus

like0

231 visualizaciones