Arizmendi Ikastolak hizkuntza ekosistema aztertzeko ekimena egingo du Olarte gunean.
Arizmendi Ikastolako Bazara egitasmoko helburuetako bat munduko identidadeak eta kulturak lantzea da ikasturte honetan. Bihar, osteguna, apirilak 10, Arizmendi Ikastolak jardunaldi berezi bat antolatu du Olarte gunean, munduko nortasun eta kulturak landu eta ospatzeko. Oraingo honetan, ekitaldia hizkuntzen ingurukoa izango da, eta 16:45ean hasiko da, egun osoa hartuko duen erakusketa batekin.
Ekitaldi hau Bazara proiektuaren parte da. Ikastaro honen helburua ikasleen bizipen eta emozioetatik landutako identitate eta kulturei buruz hausnartzea da. “Bizipen eta emozioetatik egiten ari gara lanketa; mundua ikusteko euskal begiradatik. Modu honetan hizkuntza gutxituak eta ez gutxituak parean jartzen ditugu eta elkarrekin berdinkideen ekosistema bat sortzen dugu, euskara harrera hizkuntza bihurtuz”, azaldu dute Arizmendi Ikastolatik.
Jardunaldian, bertaratzen direnek Olarte gunean hitz egiten diren 15 hizkuntzetan “maite zaitut” eta “nik ere bai” bezalako esaldiak entzuteko eta nola esaten diren ikusteko aukera izango dute. Gainera, hizkuntza horien tamaina ezagutu ahal izango dute, munduko hiztunen kopurua Olarten hitz egiten duten pertsonen kopuruarekin alderatuz. Irudikapen bisual hori haurrek beraiek eskuz egindako lanekin osatuko da. “Denak baitira handi eta txikiak leku edo egoeraren arabera. Baina denak gureak”, adierazi dute.
Azken hilabeteetan Arrasateko hainbat auzotan ibili den Argitxoren postontzia ere izango da erakusketan, eta haurrek egindako lanak erakutsiko dira. Gainera, sorkuntza txoko bat egongo da, non haurrek proposamenak lantzen jarraitu ahal izango duten.
Ekitaldia, egindako bidea azaldu, Argitxoren bisita eta proiektua biribiltzen duen abestia kantatuko dute. Amaitzeko, Jon Sarasuak sortutako “Zenbat dira hizkuntzak?”, abestia guneko 4 amek abestuko dute haur guztiekin batera. Musikariak: Lemina Mohamed, Katia Martin, Meriem Bleila eta Ines Osinaga izango dira.
Iturria: mondraberri.eus
Viewed 14 times