COPRECIk bigarren planta produktiboa irekiko du Txinan.
Mondragon Taldeak Kunshan-en daukan enpresa parkean kokatuko da. Aurten lehen inbertsioak hartuko ditu, eta balbulen ekoizpena landuko dute, hain zuzen, goi gamako gaineko sukaldeetarako gas balbulak.
Goiko irudia eta portadakoa: TUlankidetik / Testua: Mondraberri / 2016ko otsailak 2, asteartea Copreci kooperatibak etxetresna elektrikoetako osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu, MONDRAGON Korporazioan integratuta dago, eta aurten bere bigarren filial produktiboa irekiko du Txinan. Kunshan enpresa parkean egingo du, 3.200 metro koadroko azalera okupatzen duen eraikin batean, eta balbulen ekoizpena landuko dute bertan, Txinako merkatuan goi gamako gas bidezko gaineko sukaldeak hornitzeko. Plantaren jarduera aurtengo hirugarren hiruhilekoan hastea aurreikusita dago, eta ordu arte egokitzeko, makineria jasotzeko eta langileak prestatzeko lanak egingo dira. Txina, herrialde estrategikoa Coprecik dagoeneko 12 urteko esperientzia dauka Txinan, lehen planta Asiako herrialdeko hegoaldean ireki zuen (Zhuhai). Aurki irekiko duen lantegiarekin "herrialde horren aldeko apustu estrategikoa sendotzen du", adierazi du TUlankidek. Gainera, Coprecik abantaila erantsi bat dauka merkatu horretan duen ibilbideari gehitzeko: Bere ahalmen teknologikoa. "Horri esker industri prozesuak automatizatzeko betekizunik zorrotzenetara egokitzeko aukera dauka, askoz produktu efiziente eta fidagarriagoak garatzeko". Berez, Kunshaneko planta berrian prozesu oso automatizatuak instalatuko dira, kalitatea kudeatzeko sistema aurreratuekin, "Txinan gertatzen ari den aldaketa azkar eta sakonaren isla". Planta berriarekin hurbileko zerbitzua eman nahi zaie Shangaiko bezeroei, Copreci Zhuhaiko ekoizpena 1.600 kilometroko distantziara baitzegoen. Edonola ere, hegoaldean lortutako esperientzia ezinbestekoa izango da, eta bi lantegiek koordinatuta egingo dute lan. Nazioarteko profila Filial produktibo berria irekitzeko lankidetza sendoa egon da Mondragon Korporazioaren Nazioarteko departamentuarekin, eta Copreciren nazioarteko profil nabarmena bermatzen du. Kooperatibak, aipatutako Kunshan eta Zhuhaiz gain, Mexiko, Turkia, Txekiar Errepublika eta Italian ere baditu planta produktiboak, "herrialde horietako zein inguruetako merkatuak hornitzeko presentzia produktibo globalaren aldeko apustuaren barruan, eta aldi berean jarduera handiagoa sortzen du Aretxabaleta eta Altsasu lantegietarako". Copreci etxetresna elektrikoetarako osagaietan adituak izanik, presentzia industrial globala dauka, eta 2015ean 240 milioi euro inguruko fakturazioa lortu zuen, horietatik %95 baino gehiago nazioarteko salmentetan. Plantillan 1.700 pertsonak lan egiten dute. "Copreci I+G+Bko ahalmen handiak dituen erakunde bat da, bezeroei soluzio berritzaileak eta iraunkorrak proposatzera zuzendua, hau da, etxetresna elektrikoen arloko munduko markarik handienei". Iturria: MONDRABERRI.COM
Viewed 223 times