Ingeniaritzentzako “Orona Get Up” sarien VI. edizioa

Oronak, mugikortasuneko eta garraio bertikaleko soluzioetan espezializatutako konpainiak, Orona Get Up sarien VI. edizioa egin zuen pasa den azaroaren 20an, Orona Ideo egoitza korporatiboan.

Oronak Get Up sarien bidez unibertsitate karrera amaitu duten gazteak ikerketa egitera bultzatu nahi ditu, eta horregatik Ingeniaritzetako master- edo gradu-amaierako ikasleen ikerketa-proiektu onenak aintzatesteko ekimen hau sortu du. Proiektuen azterketa zehatza egin ostean hautatu dituzte saridunak. Bi ezaugarri hauek bateratu behar zituzten proiektuok: garraio bertikalaren, hiri-mugikortasunaren eta eraikinen energia-kudeaketaren arloko berrikuntzak izatea, batetik, eta ikerketa-berrikuntzak egitea, bestetik.

Orona Get Upek, unibertsitarioak saritu ez ezik, aukera ematen die ikerketa-proiektua Oronan egiteko eta horretarako Oronaren diziplina anitzeko taldearen etengabeko laguntza eta aholkularitza izateko.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Jon Altuna eta Tecnuneko Kanpo Harremanetako arduradun Javier Ganuza. Orona Get Up sariei buruz zer ikuspegi duten azaldu digute biek ala biek. Bestalde, Oronako Ikerketako kudeatzaile Inge Isasak aurkeztutako proiektu guztien berri eman du. Azkenik, Mikel Tolosak, Oronako Kudeaketa Sozialeko zuzendari korporatiboa, sariak banatu dizkie irabazleei.

Lehen saria (1.500 euro) Maddi Aramendi Iturriozentzat izan da, “Igogailuetan erabiltzen diren kable metalikoen harietan frettingagakiko neke-bizitzaren 3D modeloen garapen eta baliozkotze esperimentala” proiektuarengatik. Igogailuetako kable metalikoen neke-bizitza aurresateko zenbaki-kodea garatzeari eta optimizatzeari buruzko lan bat da.

Gorka Hutardo López izan da bigarren sariduna (1.000 euro),  “Zifraketa asimetrikoa TPM bidezko sistema txertatuetan” lanarengatik. TPM kriptoprozesagailuen azterketa eta manipulazioa da. Bai sistema txertatuen bai PC plataformen segurtasuna eta fidagarritasuna indartzeko diseinatutako zirkuitu integratuak dira.

Hirugarren sariduna (500 euro) Ainhoa Gartzi Ibabek jaso du, “Igogailuari aplikatutako ukipen-erabiltzaileen interfaze baten garapena” proiektuarengatik. Hau du ardatz: itsuentzako botoi bat, ukipen bidez berresten diena deia behar bezala erregistratu dela.

Iturria:mondragon.edu

 

like0

Viewed 156 times