Banatu dira Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko Kimu Berri sariak.
Gaur, ekainak 19, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleek euren Gradu Bukaera Lanak (GBL) aurkeztu dituzte ikaskide, irakasle eta enpresa eta erakundeetako tutoreen aurrean. Aretxabaletako campusean egindako ekitaldia baliatu da ikasturteko proiektu interesgarrienei Kimu Berri sariak emateko. Guztira, 14 Gradu Bukaera Lan aurkeztu dira.
Kimu Berrik emandako lehenengo saria Julen Aperribai eta Aitor Zarzuelo ikasleek irabazi dute Eusko Jaurlaritzarako egindako ondare ez-materialaren gaineko lanagatik. Bigarren saria eraman dute Jone Amonarriz eta Igor Agirrek euskarazko komunikabideen balio sozialaren gainean egindako ikerketagatik. Hirugarren saria, ostera, Amaiur Perez eta Nora Vicente ikasleek irabazi dute Elkarrekin Zuberoa izeneko ikerketa eta dokumentalagatik.
Aurtengo ikasturtean ere mota askotako lanak egin dira; esate baterako, ETBko saio batentzako hobekuntza-proposamenak, Debagoieneko herri-moneta sustatzeko komunikazio-plana edota eskualde horretako eskaintza turistikoa hedatzeko plana. Askotarikoak izan dira, halaber, proiektu horietan parte hartu duten erakunde eta enpresak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, EITB, Udalbiltza, ISEA, Bilbo Hiria Irratia, Irrien lagunak, Bagara, Mondragon Lingua…
Aurtengoa izan da Kimu Berri sari banaketaren bigarren edizioa.
Iturria: MONDRAGON.edu
Viewed 204 times