Enpresek eta adituek etorkizuneko enpleguaren errokei buruzko beren ikuspegia azaldu dute Bilbon egindako jardunaldian.
Zer eskatzen diete enpresek gazteei lan-merkatuan sartzerakoan? Etorkizuneko enpleguek zer erronka dituzte? MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Industria Diseinari eta horren enplegu-aukerei buruzko jardunaldia egin du, "Diseinuari loturiko lanbide-aukera berriak: XXI. mendeko erakundeetarako enpleguak" izenburupean. Etorkizuneko enpleguari buruz eta Industria Diseinuaren konpetentzia teknikoen eta sortzaileen ahalmenari buruz gogoeta egitea du helburu. Horretarako, akademia-munduaren eta enpresa-eremuaren arteko elkarrizketa sortu da, etorkizuneko enpresarako lanbide berriei buruz hitz egiteko eta diseinuaren dimentsio bikoitza, teknikoa eta sortzailea, erakusteko, baita enpresan egiteko berriak garatzeko duen ahalmena erakusteko ere.
Aldaketa handien eta erronka handiagoen garai honetan, Diseinu Estrategikoa geroz eta gehiago jotzen da berrikuntzaren motortzat. Horregatik, geroz eta gehiago eskatzen da diseinuaren tresnak ezagutzea eta ideia berriak sortu eta negozio berriak zehazteko behar diren trebeziak izatea.
Elisabeth Urrutiaren esanetan, “sorkuntzaren, diseinuaren, industria-prozesuen eta merkatuaren artean dagoen lotura estua dela eta, diseinua enpresaren eta gizarte-eskarien arteko bitartekaritza egiteko plataforma ezin hobea da”.
Jardunaldia, hain zuzen, gaur egin da Bilbao Berrikuntza Faktorian eta hainbat enpresatako, hala nola Velatiako, Bellota Herramientas-eko eta Telefónicako, adituak bildu ditu. Horiek beren esperientziei buruz hitz egin dute, baita profesionalak erakartzeko eta prestatzeko orduan dituzten beharrei buruz ere. Gainera, jardunaldian Industria Diseinuko aditurik handienetako batek hartu du parte, Kaliforniako Nathan Shedroffek. Diseinuaren aukera berriei buruz mintzatu da.
Jardunaldia
Jardunaldia BEAZeko zuzendari eta BIDCeko (Bilbao-Bizkaia Design & Creative Council-eko) idazkari Juan Diegok eta MONDRAGON UNIBERTSITATEKO irakasle eta ikertzaile eta Design Konferentziak-eko koordinatzaile Elisabeth Urrutiak aurkeztu dute. Horren ostean, Velatiako garapen korporatiboko zuzendari nagusi Joseba Jayok "Etorkizuneko enplegu erronkak" gaiari buruz hitz egin die bertaratuei. Bellotako merkataritzako eta marketineko arduradun Rafael Oliver, bestalde, “Industria Diseinua lehiatzeko tresna errentagarria” gaiari buruz mintzatu da. Ondoren (10:30-11:00), “Ezer ez dakigunean” izenburupean, hitzaldia eskaini dute Telefónicako Rafael Rebolledak eta Quino Terceñok.
Nathan Shedroff kontsultariak “Diseinuaren aukera berriak” gaia jorratu du. Nathan Esperientzien Diseinuko ikertzaile aitzindaria eta itzal handikoa da. Nazioarteko mintegi eta konferentzietan hitz egin du, makina bat artikulu eta testu idatzi ditu “Experience Desing”i buruz eta “Making Meaning”en egilekidea da. Egun Estrategia Diseinuko MBAren zuzendaria da California College of Arts-en, baita master horren sortzailea ere.
Gainera, Praxis XXIeko zuzendari Laurent Ogelek “Talde sortzaile baten konpetentziak eta trebetasunak” gaiari buruz hitz egin du. MONDRAGON UNIBERTSITATEKO irakasle ikertzaile Nestor Aranak “Problemetan eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzako ereduak” gaia jorratu du; eta azken hitzaldia Jon Rodríguezek, MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN Industria Diseinuko Masterreko ikasle ohiak eta egun Philipseko diseinu estrategikoko kontsultariak, eman du. Ixte instituzionalaz unibertsitateko errektore Vicente Atxa arduratu da (13:30).
Goizeko hitzaldien ostean, arratsaldean lantegi praktikoak egin dira, MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Diseinu Estrategikoko Masterreko talde akademikoak koordinatuta. Lantegi horiek "Zerbitzuak diseinatzean erabiltzailearen esperientziak duen garrantzia”ri buruzkoak dira. Parte-hartzaileek bezeroan oinarrituriko zerbitzuak nola sortu ikasi dute.
Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra
MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Industria Diseinuari loturiko gaien inguruko prestakuntza, ikerketa eta transferentzia sustatzearen aldeko apustua egin du Bilboko bere egoitza berrian, BBFn (Bilbao Berrikuntza Faktorian). Horretarako, Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra jarriko du martxan irailean. Masterraren helburua produktu eta zerbitzu berriak sortzeko gai izango diren profesional berriak prestatzea da. Masterrak merkatua, teknologia eta negozioa uztartzen dituen ikuspegia sustatzen du produktu eta zerbitzu berriak kontzeptualizatzeko orduan, eta industriako nahiz zerbitzuetako enpresetan jartzen du arreta.
Iturria: MONDRAGON.edu
Viewed 116 times
