MONDRAGON Health VI. Jardunaldia. Osasun-sistema garai berrietara egokituz
MONDRAGON Health, SEDISA eta Barrualde-Galdakao ESI arteko VI. jardunaldian osasun arloko teknologian orainaldira eta etorkizunera begira osasunaren eta herritarraren kudeaketari dagokionez eman diren azken aurrerapenak aurkeztu dira. Izan ere, aurrerapen teknologikoek baldintzatzen dute osasun arloko kudeaketaren etorkizuna eta helburua pazientea bere osasunarekin arduratsuago eta aktiboagoa izatea da. Bere aldetik, Iñigo Lamarca Arartekoak emandako hitzaldian Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoko herritarren ikuspegiari buruzko errepasoa egin du, pazienteek egindako zenbait erreklamazio aintzat hartuz. TU Lankide / MONDRAGON Health. Osasunaren sektore nazionaleko 150 profesional eta aditu baino gehiago elkartu dira Galdakao-Usansolo Ospitalean burutu den MONDRAGON Health, SEDISA eta Osakidetza arteko VI. jardunaldian. Bertan Estatu osoko osasun-instituzioetan txertatzen ari diren kudeaketa-eredu berriak aurkeztu dira.
Mikel Alvarez MONDRAGON Health erakundeko Zuzendari Nagusia da. Bere hitzetan, “jardunaldi honen helburua une honetan osasun-sistemek iraunkortasun ekonomikoari dagokionez dituzten zailtasunak agerian jarri eta horiek eraginkorragoak izateko antolaketarekin lotutako hobekuntzak txertatzeko dagoen premia ikusaraztea da”. Mikel Alvarezek nabarmendu duenez, “Birzehaztapen batzuk behar dira, osasun unibertsalaren printzipioak bermatzeko hau da, guztiontzako osasunarekin lotutakoak”. Iñigo Lamarca Arartekoak Euskadiko osasun-sistemako erabiltzaileen aldetik jasotzen dituen kexa nagusiak azaldu ditu eta oroitarazi du “osasun-eskubidea garrantzitsuena dela, eta norbanako guztiei dagokien giza eskubide bat dela”. Amaitzeko, adierazi du, “Horregatik, hala Osasun Saila nola Osakidetza eskubide hori herritar guztiei bermatzen saiatu behar dira”. Arartekoaren mintzaldiaren ostean, Jardunaldian bi Mahai-inguru antolatu dira, bi alderdi arras ezberdinen inguruan sakontzeko: “Osasun-zerbitzuak Emateko Eredu Berriak” eta “Herritarrak eta Osasun arloko Teknologia”, betiere, osasun-sistema osoko protagonista eta ardatza hiritarra izan dadila saiatuz.
Testuinguru horretan, parte hartu dute Asier Aztiriak, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Biomedikoko Graduko koordinatzaileak; Jose Miguel Azkoitiak, TECNALIA OSASUNA erakundeko Garapen eta Negozioetako zuzendariak; Miguel Oguetak, Osakidetzako osasun informazio eta kudeaketako zuzendariordeak; Aitor Ezkerrak, IKERLAN erakundeko mikrosistemen Saileko arduradunak; eta Amaia Benitok, ACEDE-Etxeko Klusterraren H-Enea Living Lab ekimeneko antropologoak. Guztiak bat dator Asier Aztiriak adierazitakoarekin, hots, “azken erabiltzailera, hau da, pazientera, bideratutako produktu bat diseinatzea dugu buruan”. Horrela, pazientearen irisgarritasunarekin lotutako berrikuntza teknologikoa bere bizi-kalitatea hobetzeko soluzio berrietan aplikatzea bilatzen dute. Bi mahai-inguruak burututa, Jardunaldiari amaiera emateko bertaratuek hizlariei zuzendutako galderen txanda bat ireki da eta, era berean, Jon Guajardok, Osakidetza Barrualde – Galdakao erakundeko Zuzendari Gerenteak, topaketaren ondorioak azaldu ditu. “Iñigo Lamarca Arartekoak pazientearengandik hurbilen dauden alderdien inguruan gogoeta eginarazi digu, hori izan da jardunaldiaren gakoetako bat. Herritarrak ematen zaiona baino informazioa gehiago jasotzeko premia du eta hurbiltasun handiago batez. Bestalde, pazientearen tratu eta harremanaren gaiari dagokionez, sarritan, ez da behar adinako hurbiltasunez ematen” azaldu du Jon Guajardok. Irakur gehiago


Viewed 242 times