MOLDSENSE topaketak injekzio-moldeetan sentsorika erabiltzeko aurrerapenak jorratuko ditu.

Plastikoak injekzio bidez eraldatzeko prozesuak bilakaera handia izan du azken hamarkadetan. Prozesu honetan gero eta eraginkortasun eta kontrol handiagoa eskatzen da. Eskaera hori bermatzeko, enpresek errepikakortasun-maila handiko prozesuak eduki behar dituzte, akatsak dituzten pieza kopurua eta makinaren konfigurazio-denbora murrizteko, produktibitatearen aldagai eztabaidaezinak baitira.

Injekzio bidezko moldekatzea prozesu konplexua da; prozesu horretan, azken piezaren kalitatea bermatzeko, elkarrekin lotutako hainbat faktore hartu behar dira kontuan, batez ere injekzio-prozesuan moldearen barruko tenperatura eta presioa. Plastikozko injekzio bidezko moldekatzearen kasuan, moldearen hutsuneko presioa eta tenperatura zehazki neurtzea ezinbestekoa da kalitatea bermatzeko eta eskatzen diren tolerantziak ziurtatzeko. Moldearen sentsorizazioa eta ziklotik ziklorako datuen monitorizazioa funtsezkoak dira prozesuaren aldaketen detekzio goiztiarra bermatzeko.

 

Injekzio-moldeetan sentsorikaren erabileran azken aurrerapenak

Osagai jasangarriak, teknikoak eta balio erantsi handikoak fabrikatzera bideratutako fabrikazio aurreratuaren erronken eta aukeren esparruan, Leartikerrek MOLDSENSE jardunaldia antolatu du, injekzio-moldeetako sentsorikaren azken aurrerapenak jorratzeko.

4.0 industriaren teknologietan interesa duten hainbat industria-eremutako profesionalei zuzendutako ekitaldia izango da MOLSENSE; batez ere, beren produktuen kalitatea bermatzeko injekzio bidezko moldekatze-prozesua optimizatzea funtsezkoa den industria-profesionalentzat. Topaketa honetan injekzio-prozesuaren ziurgabetasuna ahalik eta gehien murrizteko parametro erlatiboen prozesuaren kontrola (makinaren baloreak) parametro errealetara eramatea (moldea betetzeko baloreak; presioa eta tenperatura) funtsezko faktorea dela ikusiko dugu. Hitzordua datorren maiatzaren 11n izango da Leartikerren instalazioetan, Markina-Xemeinen (Bizkaia).

MOLDSENSE ekitaldian, profesionalek fabrikazio-prozesuetan aurrera egiteko beren ezagutza eguneratzeko eta garatzeko aukera izango dute. Horretarako, jardunaldia bi zatitan banatuko da: lehenengoa, sentsorizazio-teknologiarekin zerikusia duten adituen hainbat ponentziekin osatuko da, eta bertan datu zientifikoak eta kasu arrakastatsuak aurkeztuko dituzte; jardunaldiaren bigarren zatian teknologia horren erakustaldia egingo da Zentro Teknologikoaren instalazioetan.

Esparru teknologiko honen inguruan networking sare bat sortzeko aukera aparta izango da, estatuko eta nazioarteko beste profesional batzuekin lankidetzak sortzeko aukera paregabea.

MOLDSENSE topaketan maila eta eragin handiko nazioarteko hizlariek parte hartuko dute, eta esparru teknologiko horretara hurbiltzen gaituzten ponentziak eta azken aurrerapenak entzuteko aukera egongo da. Jardunaldiaren egitaraua esteka honetan kontsulta dezakezu.

Iturria: leartiker.com

 

like0

Viewed 56 times