Mondragon Unibertsitateak eta Afrorum Euskadik Euskadiko erakundeak eta Gineako enpresariak bildu dituzte foro batean.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek (LEINN gradukoak zehazki) Afrorum Euskadi izeneko enpresa-topaketa bat antolatu dute, Euskadiren eta Gineako Errepublikaren arteko negozio-aukerak aztertzeko. Gineak potentzial ekonomiko handia du, eta hazkundean dago bete-betean. Euskadiko zenbait sektoretako enpresak eta Gineako enpresariak elkartzea da helburua, Afrikako herrialde horretako proiektu eta inbertsioak aztertzeko, baina baita Gineako enpresariek Euskadin inbertitzeko aukera azter dezaten ere. Horretarako, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Euskadiko zenbait sektoretako hainbat enpresa eta 50 ginear enpresari gonbidatu ditu. Ginear enpresariak Afrikako eta Europako zenbait herrialdetatik etorri dira, eta euskal enpresariekin batera, Saharaz hegoaldeko herrialde horren arazo eta premien konponbideak bilatuko dituzte, lehenbizi.

Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasle batzuen ekimen baten ondorioz sortu zuten proiektua, bi junior kooperatibaren bitartez (Jump In eta Snatu). Ekimen haren xedea langabezian zeuden Gineako unibertsitate-tituludunei prestakuntza ematea zen, beren herrialdean premiaren bat konpontzeko jarduera ekonomikoak sor zitzaten. Ondoren, Mondragon Unibertsitateko beste junior kooperatiba bat ere (Login Lan) ekitaldia antolatzen laguntzeko prest azaldu zen. Enpresariak hilaren 18an bildu ziren, ostiralean, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean.

Programa eta guneak

Aurreko egunean, 17an, ginear enpresariek beren intereseko sektoreko euskal enpresak bisitatu zituzten, haien produktu, instalazio eta zerbitzuak hobeto ezagutze aldera. Topaketaren bidez, bi herrialdeetako parte-hartzaileek elkar ezagutzea nahi da, elkarlanerako aukera berriak aurki ditzaten. Topaketan, hiru gune bereizi ziren: erakusketa-gunea, enpresek beren produktu eta zerbitzuak erakusteko; gune komuna, gaiaren arabera (eraikuntza, elikagaigintza, hezkuntza...) antolatutako mahai-inguruekin, edozein parte-hartzailek edozein gairi buruz hitz egiteko aukera izanik; eta azkenik, eszenatokian, hizlariek beren hitzaldiak egin zituzten.

Topaketari hasiera emateko zeremoniaren ondoren (09:00etan), lehen bi hitzaldiak izan ziren, MIKeko Urko Pérez eta SPRIko Leire Intxaustiren eskutik.

10:00etatik 11:30era, gaiaren arabera banatutako elkarrizketa irekia egon zen. Hartan, enpresa hauek hartu zuten parte: Alet eta Taldea, energia berriztagarrien sektorekoak; Iparlat eta Natra, elikagaintzakoak; Ulma Construcción eta Ulma Packaging, eraikuntzakoa eta ontziratze-sektorekoa, hurrenez hurren; Mondragon Unibertsitatea, Harreman eta MTA, gizarte-hezkuntzakoak; Almasa eta JMA, osagaiak eta makinak egiten dituztenak; eta Salva, Gashor eta Kide, hozketak eta labeak egiten dituztenak. Enpresa bakoitzak bi minutuko aurkezpena egin zuen, ekitaldira zertarako etorri zen azaltzeko. Gainera, sektore horiek Ginean zer egoeratan dauden aztertu, eta erronkak eta aukerak identifikatu ziren.

Atsedenaren ostean, beste bi hitzaldi egin ziren, Naxan nazioartekotzean espezializatutako aholkularitza-enpresako Eduardo Sanzol eta Guinnove Team (Gineako ekintzailetza-taldea) kide baten eskutik. 12:30etik 13:25era, beste elkarrizketa ireki bat egin zen, gaiaren arabera banatua, helburuak lortzeko zer urrats egin eta zer oztopo gainditu behar diren aztertze aldera.

Ekitaldiaren amaieran, albiste-mural erakutsi eta bukaera-zeremonia bat egin zen (13:30ean). Ekitaldiaren babesle nagusiak Alet Taldea eta Espainiako Timeleko Herritarren Elkartea dira, eta on Ulma Construcción, Salva, Natra y JMA babesle laguntzaileak izan ziren.

Ginea, aukera bat

Gineako Errepublika (Ginea Conakry) hazkunde ekonomiko betean dago, meatze-industria garrantzitsua duelako bereziki. Gaur egun, Europako Garapen Funtsaren finantzazioari esker, Espainiako enpresek nazioarteko lizitazioak egiteko aukera dute; batik bat, eraikuntzaren, errepideen konponketaren, eta kultura-eraikinen eta ondare-intereseko eraikinen zaharberritze eta egokitzapenaren arloetan.

Ginearen merkataritza-bazkide garrantzitsua da Espainia (Espainiako esportazioen bigarren helmuga da Ginea), eta Espainiako inportazio gehienak produktu mineralenak dira. 2010ean, Espainiatik Gineara esportatutako produktu nagusiak elikagaiak eta makinak izan ziren, eta inportazioei dagokienez, aluminioa, kakaoa, kafea, kautxua eta fruituak (datilak, pikuak, ananak, ahuakateak, guaiabak eta mangoak) inportatu ziren bereziki.

Ginea aukera handia da Afrikan proiektuak egin nahi dituzten enpresarientzat, herrialdeko hiri nagusietan irismen handiko jarduerak egitea aurreikusten baita. Egun, hazkunde ekonomikoko prozesuan dago Ginea, hango gobernuak Pobrezia Txikitzeko Estrategian egindako ahaleginei esker; Nekazaritza Inbertsioen Programa Nazionala ahalegin horien emaitzetako bat da. Horren guztiari esker, ekonomia % 2,2 hazi da, eta 2010ean berriz, % 1,9. 2012an, BPG % 3,9 hazi zen. Espainiako enpresa esportatzaileentzat, interes potentzialik handiena duten sektoreek erauzteko industriekin dute zerikusia, baita neurri handi batean industria horiekin lotutako azpiegituren garapenarekin ere. Gainera, EBk Gineari emandako finantza-baliabideak –hamargarren Europako Garapen Funtsaren (2008-2013) esparruan– 235,83 M€-koak dira. Haietatik, 174,3 M€ esleitu gabe daude; hau da, Espainiako enpresek enpresa-aukera handiak dituzte oraindik ere.

Iturria: MONDRAGON.edu

 

like0

Viewed 166 times