Debagoieneko emakumeen enplegagarritasunean dagoen arrakala digitalari erantzuteko tresna aurkeztu dute Aretxabaletan
‘EDE-Klik morea: Emakumeak Digitalizazioa Enplegagarritasuna’ tresna aurkeztu dute gaur Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko STEM eta Digitalizazioa taldeko ikertzaileek. Debagoienean konpetentzia digitalak enpleguari lotuta sortzen duen genero arrakala ikertuta, horri erantzuten tresna digitala sortu dute: ede.eus.
Debagoienean konpetentzia digitalak enpleguari lotuta sortzen duen genero arrakala ikertu eta honi erantzuteko ekosistema digitala sortu du fakultateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debagoieneko zenbait eragileen laguntzarekin. Irati Romero eta Egoitz De la Iglesia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko STEM eta Digitalizazioa taldeko ikertzaileek ireki dute jardunaldia. Azaldu dutenez, digitalizazioari lotuta, hezkuntza arloarekin “harreman sendoa” du taldeak, baina “beste gizarte eragile batzuekin zubiak eraikitzeko helburuarekin” ekin zioten ikerketari, “digitalizazioak eragiten duen genero-arrakalaz” jakitun.
Ikerketa taldean ideazio saioak antolatu zituzten hasieran, aukerak identifikatu eta gaia testuinguruan kokatzeko. Hortik abiatuta, ideatutakoa aurrera eramateko moduak aztertu zituen taldeak, eta bailaran errotuta dauden Emun eta Goisolutionsekin hasi ziren lanean, ekosistemaren garapena aktibatzeko bidean. Debagoienean, enplegu-eskatzaileen %59a emakumeak dira, eta hasierako hipotesiaren aurka, gehiengo zabalak oinarrizko ezagutza digitalak edo oinarritik gorakoak dituen arren, laneratzerakoan ez dituzte gaitasun digital horiek erabiltzeko testuinguruak aurkitzen.
Datuok ezagututa, eragile ezberdinekin hasi ziren lanean: bailarako udalak, Debagoieneko Mankomunitatea, Lanbide, erabiltzaileak… Digitalizazioak genero arrakalak areagotzeko orduan duen inpaktua ikertu ondoren, honetan eragiteko ekosistema digital, doako, erabiltzen erraza eta pertsonalizatua diseinatzeko apustua egin da. Bailaran doan eskaintzen diren formakuntzak identifikatu eta ibilbide pertsonalizatuak eraikitzeko moduan sailkatu dira.
ede.eus tresna berria
Ikerketaren emaitza eta ondorioetatik abiatuta, digitalizazioari lotutako genero arrakala iraultzeko hainbat tresna bildu dituzte ede.eus webgunean. Goisolutions arduratu da web diseinuaz. Unai Etxebeste Goisolutions-eko kideak aurkeztu du tresna: “Tresna berez formakuntzen bilatzaile bat da, erabilterraza eta sinplea. Saiatu gara hiru urratsetako ibilbide bat prestatzen; enplegu-arlo orokorrak zehazten dira hasieran, gai zehatzagoak bigarren urratsean, eta formakuntzaren modalitatea eta maila hirugarren urratsean. Hori eginda, datu-basean ezaugarri horiek betetzen dituzten formakuntzak erakusten dizkigu tresnak”. Erabiltzaileei kontua sortu eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatu eta gordetzeko aukera ere ematen die tresnak. Gaur-gaurkoz, Debagoiena eskualdean formakuntzarako dauden doako aukerak jasotzen ditu tresna digitalak.
Mahai-ingurua, digitalizazioa eta genero-arrakalaz hausnartzeko
Tresna aurkeztuta, mahai-ingurua egin dute ikerketa prozesuan parte hartu duten hainbat eragileetako ordezkariek. Mahai-inguruan parte hartu dute Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, Sonia Etxenausia Emun-eko berdintasun eta genero gaietarako aholkulariak, Loreto Susperregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendaritzako zerbitzu-buruak, Olaia Gerrikabeitia eta Zuriñe Galartza, Debagoieneko Mankomunitateko lan orientatzaileek, Leire Arregi Vicente, oinarrizko digitalizazioan hezitzaileak, María del Mar tresnaren erabiltzaileak eta Xabier Arnaiz Bastida Akademiako arduradunak.
Iturria: mondragon.edu
11 visualizaciones