Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrialeko zentroaren lehen harria jarri du MUk.
Enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleei zuzendutako lankidetzarako gunea da Hirekin eta industria jasangarriaren arloko balio erantsi handiko erreferentziazko zentroa izatea du helburu. Horretarako, ekintzailetza, intraekintzailetza, ikerkuntza eta hezkuntza bultzatuko ditu. Ia zortzi milioi euroko aurrekontua du eta 2024 urtearen erdialderako bukatuta egotea aurreikusten da.
Mondragon Unibertsitateko Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrialeko zentroak eraikinaren lehen arria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin du gaur goizean. Ekitaldiaren data atzeratu egin da arrazoi ezberdinak tarteko, eta horregatik, eraikuntza lanak hasita daude dagoeneko.
Ekitaldi sinboliko horretan, Jose Maria Arizmendiarrietaren Hazia musikalaren kartela, Humanity at Music sinfonia kooperatiboa, txanponak, proiektuaren planoak, harria eta bailarako egunkariak sartu dituzte instituzio eta erakunde ezberdinetako ordezkariek Hirekin eraikinaren irudia daraman kutxa batean.
Arrakastarako bidea
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitako errektoreak, Jose Oleaga arkitektoak, osean Alustiza Fagor Taldeko nahiz Gizabidea Fundazioko lehendakaria, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria, Teresa Riesgo Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusia, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu dute hitza ekitaldian, hurrenez hurren.
Hitza hartu duten guztiek nabarmendu dute Hirekin bezalako zentro bat ezinbesteko proiektua dela, elkarlanaren figuraren garrantzia azpimarratu dute. Europari egin dio erreferentzia Teresa Riesgo Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusiak. Izan ere, "Europan berrikuntzen agenda berrien" inguruan hitz egiten ari direla azaldu du; hau da, berrikuntza ekoizpenaren sektorera iristea nahi dutela. Horregatik, gaineratu du, Hirekin bezalako instalazioek prototipoak probatzeko aukera emango dietela enpresei eta horrek "arrakastarako bidea seguruagoa izatea" ahalbidetuko duela.
Arrasaten izatearen garrantzia
Era berean, Markel Olano diputatu nagusiaren hitzetan, proiektu honek bat egiten du Gipuzkoan azken urteetan martxan jarri diren beste zenbait estrategia eta erreferentzia zentroekin. Era berean, zentroa Arrasaten jartzearen garrantzia azpimarratu dute Markel Olano eta Maria Ubarretxenak. Olanok dio, Debagoiena indartsu batek Gipuzkoa indartsuagoa egingo duela; eta Gipuzkoa indartsu batek, Euskal Herria indartsuagoa egingo duela. Proiektu ausarta bezala deskribatu du Ubarretxenak Hirekin.
Hezkuntza guneak eta enpresak "eskutik helduta" joan behar dutela aldarrikatu du Jokin Bildarratzek "gizarte bezala benetan aurrera atera nahi badugu. Askotan esaten zaigu zergatik Euskadin zergatik daukagun hainbeste arrakasta gune hauek sortzerako orduan. Aspaldidanik lanean gabiltzalako da hori; horregatik ateratzen ditugu horrelako emaitzak".
Elkarlana txalotu dute, bai Bildarratzek baita Ucinek ere eta Mondragon Korporazioko lehendakariak gaineratu du etorkizunean garapenean jarri beharko dela arretan, teknologia dela eta "jende gutxiago beharko da ekoizteko, eta garrantzitsuagoa izango da garapena eta hor baliabide gehiago eskatuko dira".
2024an amaitzeko aurreikuspena
Goi Eskola Politeknikoaren zentro berriak 6.000 metro karratu izango ditu eta Arrasateko Uribarri auzoan egongo da. Lankidetzarako gunea sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat. Berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoa bultzatuko dira beste enpresa eta eragile batzuekin, industriaren eraldaketa jasangarria eta bidezkoa helburu hartuta. Proiektu honek 7.120.702 euroko aurrekontua du eta 2024aren erdialderako bukatzea aurreikusten da.
Iturria: goiena.eus
49 visualizaciones