Webinar saioa: enpresen eguneroko arazoak konpontzeko orduan pertsonen inplikazioak duen garrantzia
Langileek egunero aurkitzen dituzte arazoak beren enpresetan; eguneroko arazoak izaten dira, komunikaziokoak, barne-harremanetakoak, baliabideetakoak, lan-dinamiketakoak, pertsonenak edo merkatukoak. Pertsonak dira arazo horiek guztiak konpontzeko gakoa, baina gutxitan inplikatzen dira modu aktiboan horiek konpontzen. Langileak pertsonengan oinarritutako diseinuari buruzko gaitasunetan gaitzea da hori lortzeko gakoa, eta, horregatik, azaroaren 29ko jardunaldi birtualean, pertsonengan oinarritutako diseinuaren onurak eta metodoa erakutsiko dira, arazoak konpontzeko metodo gisa. Gainera, konpetentzia hauen autoikaskuntzarako plataforma bat aurkeztuko da eta bi enpresaren esperientzia partekatuko da.
Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroak antolatutako jardunaldi hau azaroaren 29an 9:30tatik 10:30tara izango da, euskaraz, eta Eroski eta EMUN enpresek hartuko dute parte.
Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko Departamentuak finantzatutako HCD Facility Tool proiektuaren barruan kokatzen da. 3 urteko ibilbidea duen proiektua da, eta 66 enpresatako 107 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko.
Zer onurak dakartza enpresei Pertsonengan Zentratutako Diseinua aplikatzeak? Zer erreminta edo plataforma erabili daitezke hau gure egunerokotasunean integratzeko?
Ekitaldia edozein erakunde eta sailetako pertsonei zuzenduta dago, haien profila edozein dela ere. Izan ere, edozein arazo motari aurre egiteko moduko prozesua da, eta, gainera, ez du aldez aurreko ezagutza espezifikorik behar. Parte hartzen duten enpresek aukera izango dute abenduan zehar egingo diren kasu pilotuetan parte hartzeko eta Mondragon Unibertsitateko aditu-taldeak proiektu pilotu horietan eskainiko duen doako aholkularitza zertan datzan zuzenean jakiteko.
Izena emateko: https://www.mondragon.edu/eu/-/webinar-pertsonetan-zentratutako-diseinua
87 visualizaciones