Errigoraren ‘Euskarari puzka’ kanpainaren edizio berriarekin bat egina du Fagor Taldeak.
Errigorak martxan jarria duen Euskarari puzka kanpaina berriarekin bat egina du Fagor Taldeak. Oraingo honetan ere, Nafarroago hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osaturiko saskiak daude eskuragai -zonaldeko euskara egitasmoak bultzatzeko erabiliko da horietako bakoitzagatik jasotakoaren %25-: saski beltza (55 euro), saski berdea (65 euro) eta saski zuria (75 euro). Azaroaren 11n bukatzen da eskaerak egiteko epea –Errigoraren webgunean dago eskaerak egiteko aukera-. Bada, ekinbide berriarekin bat egitearen garrantzia azpimarratu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Komunitateak sorturiko ekimena da. Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskara sustatzea du xede, eta, zeregin horretan, auzolana du oinarri. Hari esker doa aurrera. Esangura handiko osagai ugari biltzen ditu egitasmoak. Garrantzitsua da nork bere aletxoa jartzea”. Saskia eskuratzen dutenek, azaroaren bukaeran jaso ahal izango dute euren herriko edo aukeraturiko lekuko jasotze gunean.
Oro har, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bide emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Aurten, herrigintzaren garrantzia azpimarratu gura izan dute bultzatzaileek, eta bide horretan sortu dute kanpainaren leloa: Herriak egiten du herria. Horren haritik, bide batez, 2013tik gaurdainoko bidean eginikoa ekarri dute gogora, lortutakoa balioan jarriz. Izan ere, orain artean, 1.400.000 euro baino gehiago dituzte bideraturik Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, horretan geratu barik, elikadura-burujabetzari loturiko pausuak emateko balio izan dute diru ekarpenak jasotzeko ahaleginak eta zereginak.
Fagor Taldearen eta Errigoraren arteko elkarlana
Fagor Taldeak urteak daroatza Errigorarekin elkarlanerako zubiak eraikitzen. “Urteak daroatzagu hark bultzaturiko kanpainetan laguntzen, kooperaziorako bide berriak eraikitzen… Eta berdinean darraigu, unean unera moldatuz, garaian garaiko elkarlanerako zubiak eraikitzen”, azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Hori horrela, berdinean segitzeko dei egin die Fagorreko kideei: “Segi dezagun Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko euskara egitasmoak laguntzeko geure aletxoa jartzen”.
Iturria: fagor.eus
28 visualizaciones