Badator hamalaugarren Huhezinema jaialdia.

Mondragon unibertsitateko ikus-entzunezko Fakultateko ikasleak eta irakasleak azken ukituak ematen ari dira martxoaren 16tik 18ra bitartean egingo duten film laburren jaialdiari; hibridoa izango da, saio batzuk online izango dira eta presentzialak besteak.

Euskal Herriko film laburren jaialdien artean dagoeneko bere tokia egin du MUren Aretxabaletako fakultateak antolatzen duen proposamenak. Itxialdiaren eraginez iazkoa egiteko trabak izan zituzten arren, aurrera egitea lortu zuten, jaialdia on-line "arrakastaz" eginda.

Iazko esperientziatik ikasita, aurten ez dute zalantzarik izan eta hamalaugarren euskarazko film laburren jaialdiari azken ukituak ematen ari da antolatzaileen talde berria, Kultur ekitaldien antolaketa izeneko ikasgaiaren barruan, Ikus-entzunezko graduko laugarren mailako ikasleek osatzen dutena. "Nahiz eta pandemiak gogor jo, sortzaileak ez dira lokartu eta iaz baino lan gehiago jaso ditugu; esaterako, Sail Ofizialean lehiatzeko 73 film. Orokorrean, maila handiko lanak dira; Euskal Herriko leku askotatik bidalitakoak –Biarritzetik, Iruñetik eta EAEko herri askotatik–. Bitxikeria moduan, Ameriketako Estatu Batuetan ikasten dabilen euskal emakume zuzendari baten proiektu bat ere jaso dugu, eta Sail Ofizialean ikus-teko aukera izango da hori ere", azaldu du antolatzaile taldeko kide Nerea Alonsok.

Berrikuntza, Komedia saria

Euskal Herriko zinema panorama zabala da, eta antolatzaileek diote hala erakusten dutela aurten jasotako lanek ere. "Fikziozko lan asko jaso ditugu; horien artean, klasikoagoak batzuk eta esperimentalagoak beste hainbat. Dokumental generoan ere oparoa izan da jasotako uzta. Aurten, baina, faltan igarri ditugu animaziozko eta komediazko proiektu gehiago ez jasotzea".

Komedia saria sortu dute aurten, pandemia-egoerari buelta bat emateko gogoz. "Sari berriarekin ez genuen jaialdiaren gaia komediara mugatu gura, baina, bereziki, umore ukitua duten filmak –betiere, umorea egiteko modu ezberdinak daudela kon-tuan hartuta– txalotzea da gure asmoa. MUko ikasleen eta Sail Ofizialekoek izango dute sari hori eskuratzeko aukera. Horrez gain, aurrekoetan moduan, sari potolo gehiago banatuko ditugu".

Aurten, "jaialdi hibridoa"

Hiru eguneko egitaraua eskainiko dute, eta, film emanaldiez gain, ekitaldi gehiago proposatzeko lanean ari dira antolatzaileak. "Adituekin eskola magistralak lotzen ari gara. Oraindik zehaztu barik dugu ikasleentzako ala guztiontzako zabalik izango diren eskola horiek".

Formatu presentzialaren eta online formatuaren arteko nahasketa izango da. "MUko ikasleen filmak martxoaren 17an eta Sail Ofizialekoak eta sari-banaketa ekitaldia martxoaren 18an Arkupe kultura etxean eskainiko ditugu, eta baita streaming bidez ere. Edukiera mugatua izango dute, eta sarrerak laster eskuragarri izango dira Huhezinema.eus atarian".

Lehen aukeraketa, eginda

Asteon osatu dute sail ezberdinetan lehiatuko diren filmen zerrenda: "Asko kostatu zaigu aukeraketa egitea. Mila esker parte hartzaile guztioi, ederra izan baita filmekin gozatzea! MUko ikasleen sailean, honako hauek aukeratu ditugu: Harria; Vale ya, Nora; Amaiur, azken arranoaren hegaldia; Ilunabarrean esan; Puntuak; Eskuminak; Ilunean argia; Deia; 12 minutos; Lau egun; eta Hamar egunez".

Sail Ofizialean lehiatzeko beste hamar aukeratu dituzte; honako hauek izango dira, bada, sari nagusiaren bila: Gorria; La Cirila; Hemen. Gaur. Berriz; Lamia; La Noche del Cocodrilo; Before I Die, Dar-dar; Datsegit; Barbudos eta Maite.

Kartel "asko eta politak"

23 proposamen jaso dituzte jaialdiaren aurtengo irudia izateko. "Huhezinemaren funtsa modu desberdinean islatu du egile bakoitzak; horregatik, zaila egin zaigu bakarra aukeratzea. Mila esker zuen sormena eta denbora gurekin partekatzeagatik!".

Haymar Manzisidorrek egin duen kartela da, aurtengo irabazlea. Argazkia: Huhezinema.

Aurtengo irudia, Haymar Manzisidorrek

Gai edo izenburu zehatza izan dute aurreko aldiek; iaz, esaterako, Horror story izan zen. Aurten, kartelen egileek ez dute mugarik izan, eta, aurkeztutakoen artean, Zarauzko Haymar Manzisidorrena sarituko dute. "Huhezinemaren estetikari fidelena delako; arrunta bezain efizientea da. Online eta modu presentzialean izango da, eta, horregatik, aproposa iruditu zaigu kartelean zine aretoko eserlekuetan jendea eserita erakustea".

Antolatzaileek aipamen berezia egin nahi izan diote Eider Diaz de Argandoñak bidalitako kartelari. "13 urte ditu, inoiz izan dugun parte hartzaile gazteena da! Eskuz eginda dago eta oso teknika ona du bere lanak. Zorionak, Eider, eta eskerrik asko!".

Iturria: goiena.eus

like0

57 visualizaciones