Eroskik- 2500 tonatik gora eman du urteko lehen seihilekoan.

EROSKIk bi mila bostehun tona elikagai baino gehiago eman ditu 2020ko lehen seihilekoan behar gehien dutenentzat “Zero Zabor” programaren bitartez. Horrela bermatzen du kontsumitzeko moduan dagoen ezertxo ere ez duela botatzen bere dendetan, denda bakoitzaren ingurune hurbilean diren gizarte erakundeei emanda. Programa horri esker, 5.000 familiak elikatzeko beste janari ematen du urtero. Programa aurrera eramateko, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin kolaboratzen du EROSKIk (1966tik), baita Caritasekin, Gurutze Gorriarekin, Reto a la Esperanza elkartearekin eta beste hainbat gizarte erakunderekin ere, guztiak ere behartsuei eta bazterketa arriskuan direnei laguntzen dihardutenak.

Kooperatibak egin duen lana aitortu izan du Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak, eta Urrezko Galburuaren saria emana dio; hain zuzen, hori da Federazioaren saririk handiena, sobera gelditu diren elikagaiak banatzen nabarmendu diren erakundeei ematen diena.

“Elikagaiak kate osoan galtzen dira: ekoizpenean, biltegian, eraldaketan, banaketan… EROSKI kate horren parte denez, gure nahia da jateko ona dagoen janaririk ez galtzea“, azaldu du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

EROSKIk protokolo bat landu du emandako elikagaien segurtasuna bermatzeko. Elikagai freskoekin, esaterako, zenbait neurri hartzen ditu hotz-katea ez dadin eten ezta hartzailearen esku geratzen direnean ere; izan ere, horrek bermatu behar du baldintzak zorrotz zaintzen direla bai garraioan eta bai beren biltegietan.

EROSKIk baldintzarik onenetan dauden produktuak soilik eskaintzen dizkie bezeroei. Elikagai freskoren batek freskotasuna zertxobait galdu badu edo ontziren bat ez badago behar bezala (kolpetxo bat duelako, adibidez, edo bilgarria apurtu zaiolako), kendu egiten du saltokietatik, eta programa honetan parte hartzen duten erakundeei ematen die. EROSKIk ematen dituen elikagai guztiak beti daude iraungitze edo kontsumitze dataren barnean, eta kontsumitzeko egoera ezin hobean.

“Zero zabor”, EROSKIren hamar konpromisoetako bat

Programa horren bidez, asmoa ez da bakarrik janaria alferrik galtzen ez utzi eta elkartasun ekintza bat egitea, ekonomia zirkularra indartzea ere bada eta. Hala, EROSKIk urtero ematen dio bigarren bizitza bat 5.000 tona elikagairi, irinduta eta animalientzako olioak eta pentsuak eginda. Zero Zabor helburua jasota dago EROSKIk osasunaren eta jasangarritasunaren alde hartuak dituen hamar konpromisoetan. Alde horretatik, konpromisotzat ditu era berean kontsumo arduratsua eta elikadura jasangarria. “Kontsumitzailea kontzientziatzeko zenbait kanpaina ere egiten ditugu, etxean galtzen diren janariei buruzko gogoeta bultzatzeko eta jatekoarekin izaten den utzikeria nola saihestu erakusteko eta, horrela, janaria alferrik ez galtzeko EROSKIk hartua duen konpromisoarekin bat egiteko“, esplikatu du Martinez Berriochoak. “Haren eskura jartzen ditugu zenbait jakintza, baliabide eta tresna praktiko erosketa egiten duenean hura arrazionalizatzeko, ahal den gehiena aprobetxatzeko eta ahal den gutxiena alferrik galtzeko; horrela, gizarteak eta familiek dirua aurreztea lortuko dute”.

EROSKI Taldeak bat egin du AECOCek (Kontsumo Handiko sektorearen Espainiako elkarte nagusiak) hirugarrenez antolatzen duen Elikagaiak Alferrik Galtzearen Aurkako Astearekin. Urriaren 4an izango da, igandez, eta bat egingo du elikagaiak galtzearen eta hondatzearen gaineko kontzientzia hartzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Nazio Batuen Batzar Nagusiak dekretatu du irailaren 29rako.

EROSKI Taldearen kanalek eduki espezifikoak antolatuko dituzte aste osoan “Zero Zabor” helburuaren inguruan; hala, jendeak horietan parte hartu ahalko du korporazioaren webgunetik, eta hurbilagotik ezagutu Taldeak alor horretan egiten duen lana.

Vegalsa-Eroskik eta Caprabok ere bat egin dute ekimen horrekin, sare sozialetan argitalpenak eginda, lehiaketak antolatuta eta kontzientziatze kanpainak gauzatuta.

EROSKI Consumer aldizkariak, gainera, bere webgunean erreportaje bat ipiniko du, “janaria ez botatzeko eta haurrak kontsumo arduratsuaren gainean hezteko hamar aholku”.

 

 

Iturria: mondraberri.eus

 

like0

88 visualizaciones