Arrasateko Udalak 1.137.000 euro jarriko ditu MGEPek Trefasan Industria Aurreratuko Laborategi batzuk egiteko.
Laborategiak 26.221 metro koadro dituen Gautxori esparruan egingo dira, eta Udala da partzela horren %14aren jabe. Proportzio horregatik dagokio aipatutako ekarpena egitea, eta atzo egindako maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten EAJren eta PSE-EEren botoekin. MGEPeko koordinatzaile Carlos Garciak hitza hartu zuen laborategi proiektuaren onurak azaltzeko, eta oposizioak aurka botatu zuen, arrazoi ezberdinak tarteko.
Atzo egin zen 2015-2019 agintaldiko azken osoko bilkura, askorentzat agur kutsua izan zuena, eta eztabaida piztu zuen puntu bakarra Gautxori esparrua kudeatzeko hirigintza hitzarmena izan zen. Bertan, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak industria aurreratuko laborategi batzuk egin nahi ditu, eta horiek ekarriko dituzten onurak azaltzeko MGEPko koordinatzaile den Carlos Garciak hatu zuen hitza.
Besteak beste esan zuen, bailarak dituen oreka sozial eta ekonomikoan, eta baita izaera berritzailean, Mondragon Unibertsitateak "zerikusia" izan duela, eta aurrerantzean "gizarte ekarpen hori egiteko" borondatea dutela. Misio horri jarraiki egin nahi dituzte industria aurreratuko laborategiak; bailarako enpresekin elkarlan estua izango dutenak, eta "Europako laborategi aurreratuenen parekoak izango direnak".
Iturria: goiena.eus
122 visualizaciones