Espainiako "mirari" ekonomikoaren alde iluna. (Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako eduki osoa)

Azaroaren 24an, Angel Gurría Ekonomiako Garapen eta Lankidetzarako Erakundearen (OCDE) idazkari nagusiak Espainiako Ekonomiari buruzko Azterlanaren  edizio berri bat aurkeztu zuen, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia eta Enpresa ministroarekin emandako jardunaldian. Hedabide gehienek OCDEren analisiaren gomendioen berri eman zuten.

Ordea, harritzekoa da OCDE bezalako erakunde batek komunikabide handietan izan ohi duen oihartzuna, batez ere bere ibilbideari so egiten badiogu, Espainiako ekonomiaren dinamikak iragartzerako orduan akatsez beteta. Ildo horretan, ESADE negozio-eskolak "Diana de ESADE" izeneko erregistroa kudeatzen ari da 2010. urteaz geroztik, hau da, erakunde ezberdinen hazkunde ekonomikoari buruzko aurreikuspenak neurtzeko behatokia. Bere azken edizioan, ESADEren erregistro horrek azken-aurreko posizioan sailkatu zuen OCDE, azterturiko 23 erakundeen artean.

 

Oraingo honetan, OCDEk adierazi duenez, "Espainiak susperraldi arrakastatsua izan du" hainbat aldagai ekonomiko eta sozietarioen bilakaerari esker. Erakundeak, era berean, hainbat gomendio eman ditu, hala nola, "produktibitatea bultzatu eta lanpostuak sortzeko egitura-erreformen dinamismoa mantentzea".

 

Hala ere, deigarria gertatzen da OCDEren txostenak Zientzia eta Teknologiarekin zerikusia duten faktoreei ematen dien garrantzi txikia: bi paragrafo baino ez. Eta arrazoiak ez dira falta: duela gutxi Estatistikako Institutu Nazionalak 2017. urteari dagozkion I+G jarduerei buruzko estatistiken emaitzak jakinarazi zituen.  Horien arabera, Espainiak, guztira, BPGren % 1,2 inbertitu zuen alor horretan, Europar Batasuneko batasbestekotik oso urrun (% 2,07).

Portzentaje horrek behera egin du 2008tik (orduan % 1,4 zen). Hortaz, Espainia krisi aurreko I+Gren inguruko inbertsio-mailak berreskuratu ez dituen herrialde-multzo txikiaren parte da, Finlandia eta Portugalekin batera.

2009 eta 2017 artean, zientziak % 5,8ko beherapena pairatu du Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeek batazbestean I+G inbertsioa % 22 areagotu duten bitartean. Esate baterako, Alemaniak % 31 areagotu du zientziarekiko inbertsioa, Erresuma Batuak % 16, Frantziak % 10 eta Italiak % 12.

Espainia eta Europar Batasuneko I+G alorreko inbertsioen batazbestekoaren arteko tarte horren azalpena ez da gaitasun ekonomikoan bilatu behar: Europar Batasuneko batazbesteko balioei 100 indize-balioa ematen badiegu, Espainiako per capita errentak 93 puntu izango lituzke, baina herritar bakoitzeko I+G inbertsioa 49 puntutan geratuko litzateke.

Zifra horiek sakontasunez aztertzen baditugu, 2008ko I+G alorreko gastu totala 14.701 milioitik 13.259 milioira 2016an pasatu dela ikus dezakegu. Kopuru horietatik, 8.073 eta 7.125 milioi, hurrenez hurren, enpresen kontu izan ziren. Horrek esan nahi du gastuak % 10 murriztu zirela balio arruntetan, eta murrizketa hori are handiagoa izango litzatekeela inflazioaren ondorioak kontuan hartuko balira.

Enpresek jasotako finantzaketa publikoari dagokionez, 2008an 1.444 milioikoa izan zen eta 2016an, 632 milioikoa. Administrazio Publikoaren ekarpenak ere modu larrian egin zuen behera, enpresek egindako gastuaren % 18tik (2008) %9raino (2016).

Espainia eta Europar Batasuna alderatzen baditugu, azpimarratzekoa da Zientzia eta Teknologiaren arloko inbertsio publikoaren erorialdia: Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioaren (COSCE, gaztelaniazko siglan) txostenak I+Gerako partidek estatuaren aurrekontuetan duten pisua azaltzen du: Partida horiek ere bilakaera negatiboa izan dute erabat, balioen % 3tik azken urteetako % 1,5 ingurura pasatuz. 

COSCEk salatu duenez, aurrekontu-murrizketa horren parean, gertakari are larriagoa jazotzen ari da: jatorrian I+G arlora bideratutako aurrekontuak ez gauzatzea. Horrela, 2016an aurrekontuan sartutako 10 euro bakoitzeko 4 soilik gastatu baziren, 2017an % 70,32ra igo zen gauzatu gabeko aurrekontuen portzentajea. 

Aurrekontu horien gauzatze-maila ñimiñoa kontuan hartuta, Zientzia eta Teknologia arloko aurrekontuek gero eta irudi desitxuratuagoa eskaintzen digute, I+G+b sistemaren egoera erreala baino positiboagoa. 

Zientzia eta Teknologiari dagokion Estatuaren Aurrekontu Orokorren 46.
Programak bi funts mota dauzka: Finantzazkoak eta Finantzazkoak ez
direnak.  Gauzatzen ez den partida nagusia Finantzazko Funtsek osatzen dute. Horien artean daude, batik bat, mailegu eta kredituak, ikerkuntza arloan ia erabiltzen ez direnak, baina I+Gko aurrekontuaren funtsezko parte balira bezala mantentzen direnak.

Finantzazkoak ez diren Funtsek muga oso zorrotzak dituzte, baina Finantzazko Funtsen egoera ezberdina da. Azken hauek Estatuaren Aurrekontu Orokorretan izaera orokorreko partida handi moduan ageri ohi dira.

Horrez gain, Finantzazko Funtsak ez daude mugatuta. Izan ere, ez daude Parlamentuak (Gobernuak Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Proiektua egin aurretik) onartu beharreko gastu mugaren menpe, Aurrekontu egonkortasunari buruzko legeak ezarri bezala. Eta ez dute Europar Batasunak baimendu beharreko defizit publikoa zehazteko kontabilizatzen.

Labur esanda, Espainiako gobernuek funts hauek gizendu izan dituzte Zientzia eta Teknologia arloaren aurrekontuak itxuraldatzeko. Gobernu ezberdinek berariaz erabilitako estrategia bat izan da, Zientzia eta Teknologiarekiko konpromiso falta ezkutatzeko kontabilitate-trikimailuen bitartez.

2018an, Estatuaren Aurrekontu Orokorrek Zientzia eta Teknologiarako 7.044,47 milioi euroko partida barne hartu zuten. Horrek esan nahi du Espainiako Gobernuak I+G+b alorrean egindako "inbertsio nominala" estatuko aurrekontuaren gastu osoaren % 1,56ra jaitsi dela.

Horrela, 2018ko Zientzia eta Teknologiarako aurrekontu orokorra, inflazio-efektua kenduta, 2009ko baliabideen %65,6ra baino ez dela heltzen. Finantzazkoak ez diren eragiketak kontuan hartzen baditugu, antzeko beherakada dugu. 2018an, beraz, 2009an esleitutako baliabideen % 68 baino ez dira egokitu.

Pedro Sanchezen gobernuarekin, kontuak ez du hobera egin: Pedro Duque ministroak I+G+b alorreko aurrekontua bikoizteko asmoa zuela adierazi arren, gobernu sozialistak bere aurrekoen dinamika berdinarekin jarraitzen du. Gauzak horrela, azpimarratzekoa da I+G enpresarialari buruzko bi programen deialdien amortizazioa:  Errokak Lankidetza eta Ekonomiaren Jarduera Estrategikoa eta Gizarte Digitala.

Bestalde, Pedro Sanchezen gobernua eta Podemosek izenpetu duten 2019rako aurrekontu-hitzarmenak % 6,7ko hazkundea barne hartu du Zientzia eta Teknologia arloan, 273 milioi euroko aurrekontu-inpaktuarekin. Ordea, kopuru horren % 45 finantzazkoak ez diren funtsei dagokie, eta beraz, gauzatuak ez izateko bokazioa dutenak.

ESADEko Xavier Ferràs irakaslearen arabera, Espainiako defizit teknologikoa 21.708 milioi eurokoa da (gogora dezagun Espainiako bankuak erreskatatzeko 77.000 milioi gastatu zirela) eta, gaur egungo erritmoarekin, Espainiak 180 urte behar izango lituzke Europako Batzordearen 2020 Estrategiak ezarri duen helburua bete eta BPGren % 3 I+G arloan inbertitzeko.

Gertakari guzti horien paraleloan, ekonomia errealaren esparruan eta OCDEren goraipamenez gain, krisi aurreko eredu ekonomikoa berrezartzen ari da. Egitura-ahulezia gehiegi zituen eredu ekonomikoa, hain zuzen. Horien artean nabarmentzekoak dira eraikuntza sektorearen gehiegizko garrantzia edo kapitalean egindako inbertsioak kostu laboral txikiekin (turismoa, immigrazioa, enplegu-prekarietatea, etab.) ordezkatzeko joera historikoa. Ahulezia horiei Antón Costas ekonomistak "ekonomia kontzesionala" deitzen duen fenomenoa gehitzen zaie; horren bitartez, erreferentziazko enpresek bere jarduera garatzen dute, frankismoan jatorria duten ustelkeria-praktiken bitartez administrazio publikoetatik lortutako kontzesioak (obra publikoa, azpiegiturak, energia berriztagarriak, etab.) oinarri hartuta.

Egitura-ahulezia hauek Espainiako krisi ekonomikoaren inpaktua areagotu zuten, epe luzeko langabezia erabat handitu zuena. Horrenbestez, 2010eko lehenengo hiruhilekoan langabezia-tasa % 20,05ekoa izan zen, 2013an % 27ra iritsiz. Zifra hauek Europar Batasunaren langabezia-tasatik erabat urrundu ziren, gehienez % 9,6ra heldu zena.

OCDE bezalako nazioarteko erakundeek eskatzen dituzten egitura-erreformak alde batera utzita, behin eta berriro eta era obsesiboan lan-baldintzak eta prestazio sozialak murrizteko premia azpimarratzen dutenak, argi dago ekonomikoki eta sozialki aurrera egiteko epe luzera garapen teknologikoa, produktibitatea eta enplegua sustatu behar direla. Baina Espainia eta bere gobernariek ez dute, antza, iraganetik ezer ikasi. Antzineko eredu ekonomikoa berrezartzeko dinamika aldatu barik... Nola aldarrika dezake Espainiako estatuak ongizate-estatuaren iraunkortasuna?

Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak adierazi zuenez, gaur egungo politika "inflación palabraria" delakoa pairatzen ari da. Diskurtsoen helburua ez da proposamenak praktikan jartzea eta, azken finean, kalean ez dira hitzak eta gertakariak aintzat hartzen. Espainiako Zientzia eta Teknologia horren adierazle garbia dugu.

like0

129 visualizaciones