Ikus-entzunezko Berrikuntzan Master berria Bilbon.
Ikasturte honetan abiatu dugu master profesional hau Bilbao Berrikuntza Faktorian (BBF). Ikus-entzunezko komunikazioa gradutik bultzatutako master hau, Mondragon Unibertsitateak Bilbon dituen proiektuetako bat da. Ikus-entzunezkoen eskaintza akademikoa zabaltzen da hemendik aurrera, betiere MUren oinarrian dauden ezaugarriekin: ikaslea ikasketa prozesuaren erdian jarrita, enpresekin lotura zuzenean, eta ekintzailetasuna, berrikuntza eta sormena indartuz.
Ikus-entzunezko sektorea abiada bizian aldatzen ari da Internet eta teknologia berrien eraginez. Ikus- entzunezko edukien uholdea geldiezina dirudi, edozein enpresak behar ditu ikus-entzunezko edukiak sare sozialetan presentzia bermatzeko, bezero edo erosleengana iristeko. Filmak, telesailak, iragarkiak, errealitate birtuala, eduki interaktiboak, online plataformak… Netflix ahalguztiduna… Era guztietako pantailetatik iristen zaizkigun edukiak egiteko, ikusteko eta banatzeko moduak etengabe aldatzen ari dira. Iraultza honen aurrean, profesionalak prestatu nahi ditugu, merkatu global honen aurrean euren burua kokatu eta aukera profesional berriak sor ditzaten.
Lantzen ari garen edukien artean, hauek nabarmendu daitezke:
- Sortzea, berritzea eta ekitea ikus-entzunezko merkatu berrian.
Goi errendimendu akademikoko ikasturte batean murgiltzea eta ikaskuntza metodologia berriak erabiltzea. - Ikus-entzunezko enpresa bat kudeatzea hasiera-hasieratik.
- Ikus-entzunezko narratiba berriak garatzea.
- Sormen industriako sektoreetako profesionalekin etengabe loturiko ekosistema batean lan egitea.
- Teknologia berriekin loturiko ikus-entzunezko proiektu berritzaileak garatzea.
- Bertako zein kanpoko ikus-entzunezko industriarekin harremanetan jartzea eta hartan parte hartzea.
- Sare sozialak eta haien narratiba motak kudeatzea eta banaketa modu berriekin negozio egitea.
Lehen edizioko ikasle taldea dagoeneko lanean ari da laster ezagutzera emango dugun online iragarki kanpaina batean. Astero, hiru arratsalde erabiltzen ditugu klase presentzialak eskaintzeko, eta hortarako diziplina desberdinetako profesionalak gonbidatzen ditugu masterclass saioak emateko. Aste osoan zehar, ikasleek lan autonomoa eta tutoretza saioak tartekatzen dituzte BBF eraikinean Masterrak dituen hainbat espazio eta baliabide erabiliz: Coworking gunea, edizio gela eta, “last but not least”, Dock Bilbao kafetegia.
Bai kafetegian eta baita ere BBF eraikinean, Masterreko ikasleek aukera dute beste ikasle eta enpresekin sinergiak bideratzeko. LEINN gradua eta hainbat master eskaintzen dira BBFn. 11 enpresa, 150 ikasle, 30 start-up eta 50 ekintzaile batzen ditu Bilbo erdian kokatuta dagoen eraikinak.
Martxoan hasiko gara datorren ediziorako matrikulazio eta ate irekien jardunaldien berri ematen. Masterclass batzuk ere modu irekian eskainiko ditugu martxotik aurrera BBFn. Edonor gerturatu ahal izango da master berri honen dinamika, mamia eta izaera bertatik bertara ezagutzeko. Segi arrastoa gure sare sozialetan eta masterreko webgunean:
Iturria:mondragon.edu
122 visualizaciones