ULMA Handling-ek, IK4-Ikerlan-ek eta gainontzeko U-Test bazkideek sistema adimendunak eta txertatuak (Gauzen Interneta) probatzeari eta doitzeari buruzko tailer baterako gonbitea luzatzen dute.
Sentsoreak eta konektagarritasuna gero eta garrantzi handiagoa hartzen doaz ekoizpenaren eta logistikaren sektoreetan, eskainitako produktuen eta zerbitzuen berezko zati gisa. 4.0 Industria digitalizazioan murgiltzen ari da produktibitateari eta hazkuntzari dagokienean, eta, ondorioz, sentsoreetan oinarritutako ekipo txertatuak gero eta ohikoagoak izango dira ekoizpen-guneetako eta logistikako ekipoetan eta azpiegituretan. Sistema ziberfisikoek (CPS, ingelesezko sigletan) monitorizatuko dituzte prozesu fisikoak, eta baita erabaki deszentralizatuak hartu ere, elkarrekin eta beste gizakiekin komunikatuz eta batera lan eginez Gauzen Internetaren (IoT, ingelesezko sigletan) bidez. Horrela, sistema horien fidagarritasunak eta kalitate-bermeak (oro har, garapen-kostu osoaren % 50-70 dela aurreikusten da) berebiziko garrantzia izango dute garatzen ari diren sistemen fidagarritasuna hobetzeko, CPSak eremu kritikoetarako garatzen baitira sarritan.
ULMA Handling U-Test proiektuan parte hartzen ari da, puntako zientzialariekin eta tresna industrialen garatzaileekin batera. Egitasmoak txertatutako sistema adimendunen (IoT) fidagarritasuna eta portaera ez ziurra probatzea du xede, eta, horren harira, enpresak tailer ireki batera bertaratzeko gonbitea luzatzen du. Tailerraren helburuak dira emaitzak aurkeztea eta feedbacka lortzea ekoizpenaren eta logistikaren industrietan giltzarriak diren pertsonen eta etorkizuneko ekoizpen- eta logistika-soluzio txertatuen arrisku-kudeaketan aritzen diren ikerketa-erakundeen aldetik.
Ikusle-xedeak
· Ekoizpenaren eta logistikaren sektoreetan sentsoreetan oinarritutako sistema txertatuen ardura duten sistema-administratzaileak eta IT arkitektoak.
· Ekoizpen-enpresen eta logistika-operadoreen arrisku-kudeatzaileak eta kalitate-kudeatzaileak.
· Ekoizpenerako eta logistikarako IoT soluzioak (gailu soilak zein soluzio txertatuak) garatzen dituzten enpresak eta software-industria orokorrean.
· Test-instalazioak
Informazio gehiago eta izen-ematea
Arren, informazio gehiago lortzeko eta ekitaldian izena emateko, sakatu esteka honetan.
124 visualizaciones
