Merkatari, tokiko merkataritzaren balioa indartzeko aplikazioa.

Merkatari proiektuak sakelako telefonora darama auzoko saltokietan erostearen balio erantsia, hau da, Interneteko marketplaceetan edo azalera handietan ezin aurkitu daitekeena. Ideablek garatu du aplikazioa Goienarekin eta ISEA Berrikuntza Zentroarekin batera, auzoko merkataritza bultzatzeko.

“Oso zaila da online saltzea, batez ere Amazon bezalako erraldoi handiekin lehiatu behar bada” azaldu du Iñaki Bartolomék, Ideable enpresako zuzendari nagusiak; “Merkatari ez da erosketak egiteko aplikazio bat, baizik eta leialtasuna lortzeko erreminta bat, bezeroen eta saltokien arteko harremana sendotzeko tresnak dituena. Ikuspegi horretatik, aplikazioak tratuaren hurbiltasuna baliatzen du dendetako salmenta fisikoa sustatzeko.

Merkatari aplikazioak hainbat funtzionaltasun eskaintzen ditu, esaterako, aukera ematen du inguruko saltokiak aurkitzeko kategoriaka edo proiektuka, merkatariekin txateatzeko, kontsultak edo eskaerak egiteko eta sustapen pertsonalizatuak jasotzeko. Aplikazio horren bidez posible da saltokiak baloratzea eta tiket guztiak ondo gordetzea formatu digitalean. “Asmoa da denda barruan gertatzen dena sakelakora eramatea” dio Iñaki Bartolomék.

Merkatariek ere parte hartu dute proiektuaren garapenean, eurek probatu zituztelako lehen prototipoak, hobekuntzak proposatu eta euren eguneroko beharrei egokitzeko. Merkatari aplikazioa Arrasaten ezarri da lehenbizikoz, Gipuzkoako Debagoiena Mankomunitatearen bitartez, eta, datozen hilabeteetan, inguruko herrietara ere hedatuko da.

Aplikazioa guztiz doakoa da, bai bezeroentzat eta bai merkatarientzat, eta Android eta iOS sistema eragileetan instalatu daiteke. Dena den, saltokiek plataformara atxiki behar dute lehenbizi, bezeroek inguruko denden artean aurkitu ditzaten. Proiektua zabalik dago zerbitzu hori beren inguruan ezarri nahi duten udal, tokiko merkataritza bultzatzeko agentzia eta merkatari elkarte guztientzat.

Iturria:spri.eus

 

like0

82 visualizaciones