Europar Gazte Kooperatiboen Sareak Arrasateko eredua landuko du.
Urriaren 4tik 6ra European Young Cooperators Network-en jardunaldia hemen egingo da. Bertako BZTZ kooperatibak antolatu du. "Webguneak eta edukiak sortuko ditugu buru-belarri, hackathon sistemarekin", iragarri du kooperatibak.
Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2016ko irailak 21, asteazkena
Urriaren 4tik 6ra Arrasaten egingo da European Young Cooperators Network (Europar Gazte Kooperatiboen Sarea) jardunaldia.
BZTZ kooperatibak antolatzen dihardu, eta bertako Ana Agirre eta Joanes Rosó gaurko aurkezpenean parte hartu dute.
Prentsaurrekoan ere Maria Ubarretxena alkateak parte hartu du, Garaia Berrikuntza Gunean.
Jardunaldiaren helburu nagusi da "gazte-proiektuak nola sostengatu zehaztea. Izan ere, gazte europarrek euren proiektuak dauzkate euren herrietan, baina batera ez bagaude, ez dugu indar nahikorik izango".
Ordea, "elkartzen garenean eta esperientziak partekatzen ditugunean, ikasi egiten dugu. Horregatik 6 hilabetean behin elkartzen gara".
Hemengo jardunaldia "lan zehatzak egiteko izango da, eta ondorengoan (Maltan) batzar orokorra egingo dugu".
Jardunaldi hau Arrasatera ekartzeko ekimena iaz hasi zuten, Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez:
"Ana Agirre eta biok iaz Bolonian izan ginen, sare honen bileran, eta pentsatu genuen hurrengo bilera Arrasaten egin ahal zela. Planteamendua hori Antoakuntzari egin genion eta baiezko erantzuna eman digu".
Ondorioz, 18 herrialde ezberdinetako 40-45 gaztek lan egingo dute Arrasateko jardunaldian, nazionalitate ezberdinekoak, kooperatibismoarekin zerikusiak dutelarik.
BZTZ kooperatibako kideak "hasieratik oso inbolukratuta egon gara, sareko talde eragilean sartzeko aukera izan genuenetik. Izan ere, Arrasaten eta Euskal Herrian oro har kooperatibagintzak izandako inpaktua itzela izan da".
Bide horretan, "eredu honetan sinesten dugu, eta gura dugu hemengo eredu kooperatiboa Europan zabaltzea", "munduari oparitu ahal diogun gauzarik onena da".
Horrela, "gazte europarrei hemengo izpiritua kutsatu nahi diegu. Eredu honetan sinesten dugu kooperatiba bezala eta pertsona bezala".
Egitarauari dagokionez, gazteak urriaren 3an edota 4an iritsiko dira, eta 5eko goizean lanari ekingo diote: "Egun horretan Forokoop egingo da Garaian, eta bilera horrekin bat egingo du Europar Gazte Kooperatiboen Sareak", azaldu du BZTZko Ana Agirrek. Forokoopen (Kooperatiba-eztabaidarako Foroan) azalduko dute ekimen gaztea.
Urriaren 5eko arratsaldean Udala auzoko Ingurumen Eskolara igoko dira, eta bertan lan egingo dute egun bat eta erdi.
Horretarako, jardunaldian hackathon lan-sistema erabiliko dute: "Sistema hau enpresa teknologikoen ekitaldietan erabili ohi da, eta ekitaldiaren bukaerarako emaitzak izatea helburu du, hau da, ekitaldian zerbait sortu".
Arrasaten "webguneak eta edukiak sortuko ditugu buru-belarri. Barnetegi bat bezalakoa izango da".
Lanak amaitu ostean, gazte europarrek Maritxu Kajoin gozatzeko aukera izango dute.
Aipatzekoa da TZBZ (Ta Ze Ba Ez) kooperatiba MUko Leinn Graduko lehen belaunaldiko ikasleek sortu zuten.
2009an proiektu bezala hasi ziren, eta 2013an kooperatiba gisa eratu ziren. 7 kooperatibistak ekin zioten, eta egun 20 langilek dihardute. BZTZ kooperatiba antolatzaileak 3 ildo lantzen ditu:
- The Makery: teknologia eta prototipo azkarrak
- Make It Visual: komunikazio bisuala
- TZBZ Aholkularitza: diseinu estrategikoa eta hezkuntza berrikuntza
Zentzu honetan, Konfiantza Pedagogia Arizmendi Ikastolarekin lantzen ari dira, hain zuzen, marko pedagogiko horren inplementazioa.
Iturria: mondraberri.com
124 visualizaciones
