Xaflaren konformazio teknologiei buruko workshop-a egingo da eguaztenean Garaia berrikuntza-gunean.

Bihar, eguaztena, “Aleazio metaliko aurreratuen konformaketaren worshopa” izango da Garaia berrikuntza-gunean . Bertan, hainbat enpresek hartuko dute parte eta jardunaldia egun guztian zehar luzatuko da.

MUren Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Materialak Eraldatzeko Prozesu Aurreratuen ikerketa-taldeak “Aleazio metaliko aurreratuen konformaketaren workshopa” antolatu du bihar, eguaztena, Garaia berrikuntza-gunean. Jardunaldia goizeko 8:30etatik 18:00etara izango da eta bertan, Fagor Arrasate S. Coop., Matricis Coop., Batz S. Coop, Ulma Piping S. Coop., Alfa Taldea eta CIE Automotive eta Ortic 3D AB enpresa suediarrak hartuko dute parte txostengile gisa.

Ingurune industrialetan aleazio metaliko ez-konbentzionalak prozesatzeko dituzten arazoak eta horiei aurre egiteko baliabideak aurkeztea da jardunaldiaren helburu nagusia. Jardunaldia hiru multzo handitan banatuko da. Lehenengoan, arrabola bidezko etengabeko eraldatze-prozesuak jorratuko dira, baita arrabola bidezko lauketa, slitting ebakidura aldakorreko prozesu berritzailea eta 4. belaunaldiko profilaketa malgua ere. Horren ostean, automobilgintzako osagaien forja eta konformaziorako teknologia berritzaileak aurkeztuko dira: erresistentzia ultra altuko altzairuen enbutizio-teknologiak, altzairuen eta aleazio arinen beroko estanpazioak eta thixokonformazioa. Azkenik, aeronautikako osagaien konformaziorako teknologiak deskribatuko dira, eta beroko estanpazio-prozesuak, konformazio superplastikoa, mailu bidezko forjaketa eta huts altuko titanio-galdaketa landuko dira.

Jardunaldiari bukaera emateko, MUko konformazio-laborategietara egingo dira bisitak. Han, workshopeko teknologia gehienak erakutsiko dira, eta piezak makinan fabrikatu.

Hemen, jardunaldiari buruzko informazio gehiago.

Iturria: MONDRABERRI.com

 

like0

159 visualizaciones