Trainper proiektua: Ekintzailetasunaren Kimu Berri bat.
Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2013ko irailak 25, asteazkena
Kimu Berriren esposizioak Mondragon Unibertsitateko 35 proiektu jarri ditu erakusgai Kulturaten.
Egitasmo hauek unibertsitario taldeak egin dituzte, Goi Eskola Politeknikoan, HUHEZIn edota Enpresagintza fakultatean.
Helburu nagusia da gazteen artean ekintzailetasuna sustatzea. Baita ere jendeak aukera izan dezan unibertsitarioen hausnarketa batzuk eta beraien emaitzak ezagutzeko.
Egitasmo horietako bat sakonago ezagutu nahi izan dugu, Trainper izenekoa hain zuzen. Trainper proiektua ondoko ikasleek garatu dute:
- Alex Aranburu
- Eneko Etxeberria
- Ainhoa Plazaola
- Alain Murillo
- Gaizka Arizmendiarrieta
Gazte hauek Arrasate, Zumarraga, Urretxu, Zarautz eta Durangokoak dira. Graduko bigarren mailakoak dira, Informatika eta Telekomunikazio graduko ikasleak ari dira elkarlanean.
Egitasmoaren garapenean, seihileko ikasgaien ikasle guztiek parte hartzen dute, tutore bat dutelarik, Urtzi Markiegi kasu honetan. Osane Lizarraldek Kimu Berri egitasmoa kudeatu du.
Urtzi Markiegik azpimarratu du “interesgarriena dela proiektuak POPBL metodologian oinarrituta daudela”.
Horrek esan nahi du “ikasleek hainbat konpetentzia tekniko landu dituztela, arazo bati soluzio bat emateko, baita hainbat zeharkako konpetentzia, jarrerak ere”.
Ikasle-talde honek seihileko honetan Trainper soluzioa garatu du, taldea izan delarik arazoa identifikatu zuena.
“Irakasleok laguntzen diegu eurak testuinguruan kokatzen eta ikaste-helburuak zeintzuk diren azaltzen. Ikasleek eurek helburuak identifikatu behar dituzte eta helburu horiek enkajatzen duten bizitzako arazo erreal bat planteatu. Ondoren, arazoari soluzioa eman behar diote”. Bospasei aste eman dituzte intentsiboki ikasleek proiektuan:
- Arazoa aztertu dute
- Arazoan teorikoki sakondu dute
- Aplikatu dituzte aurrez ikasitako teknologia batzuk
- Proiektuan zehar gauza berriak ikasi dituzte
Kontuan hartu behar da ikasleek, proiektu honetaz gain, karreran urteko gutxienez horrelako bi proiektu egin behar dituztela.
“Irakasleak saiatzen gara – adierazi du Osane Lizarraldek – ahalik eta proiektu errealen bat definitzen, ikasleek ezagutzak, jarrerak,… lantzen joan daitezen. Proiektu hau da horren adibide bat”.
Metodologi hau txertatuta dago Unibertsitatean, baina Goi Eskola Politeknikoan ere bada ekintzailetasuna sustatzeko ekimena:
“Beste helburu bat da ekintzailetasunarekiko sentsibilizazio bat lortzea ikasleen artean. Horretarako oso egokiak iruditzen zaizkigu POPBL metodologian oinarritutako proiektuak, Kimu Berriren esposizioa testuinguru horretan kokatzen delarik”.
Alex Aranburu gazteak azpimarratu du “metodologia polita eta ona dela, zure burua ikusten duzulako enpresa batean lanean ariko zinen bezala: epe batzuk dituzu proiektua garatzen joateko, eskolarik ez dago, zure taldearekin kontzentratuta lan egiten duzu,…”.
Bide horretan, lehen pausua, arazoa zehaztea da. Graduko bigarren mailako ikasleek horixe egin dute lehen aldiz:
“Hausnarketa edo brain-storming bat egin genuen, ze produktu landu nahi genuen erabakitzeko. Behin produktua aukeratuta, analizatu eta sakontzen da produktu hori aurrera eramateko ze egin behar den”.
Bere taldekide Eneko Etxeberriak azaldu digu Trainper izeneko gailuaren zeregin nagusi bat:
“Kirola egiten duen pertsonak ezagutu ditzan bere gorputzari buruzko datuak, adibidez: gorputzaren tenperatura, bihotz-taupadak, erretako kaloriak,…”.
Zehazki, erretako kaloriei buruzko datua “ez da oso zehatza izaten orain arte garatu diren gailuetan, eta beraz, abiapuntu hori hartu genuen”.
Trainperrek pertsonak aktibitate fisikoa egiterakoan (adibidez mendira igo) bere gorputzeko datuak gordetzen ditu, eta ondoren, pertsona etxera itzultzerakoan, Trainperrek ordenagailuarentzat aplikazio bat duenez, pertsonak ordenagailuan ikus ditzake datu guztiak, erretako kaloriak barne. Gainera, konparaketa egin daiteke beste egun batzuetan egindako aktibitate fisikoko datuekin.
Trainperraren beste ezaugarri berritzaile bat da GPSa daukala, teknologia garrantzitsua alor honetako gailuetan.
Horrelako teknologiak “gero eta gehiago garatzen ari dira, jendeak gero eta gehiago jakin nahi ditu elektronikoki bere aktibitate fisikoari dagozkion datuak”.
Gailu honen gauza azpimarragarrietako bat da “kalorien erreketa zehaztasun handiagoz kalkulatzen” duela. Gainera, ez litzateke soilik erabilgarria izango kirolarientzat, “baita medikuak aholkatuta, aktibitate fisikoa egin behar duten pertsonentzat ere, adibidez osasun arazoren bat dutenentzat”.
Gailu txiki bat izango litzateke, adibidez erloju baten itxurakoa, eta kirol askotan erabili ahalko litzateke.
“Proiektuko zailtasun handiena hasiera izan zen, askotan gertatzen den bezala – adierazi du Alex Aranburuk – zaila delako ideia nola gauzatu zehaztea. Klaseetan ezagutzak jasoak genituen, baina gero beste guztia (agian proiektuaren erdia baino gehiago suposatzen duena) guk ikertu, ikasi eta sakondu behar izan dugu”.
Proiektu hori fisikoki ere gauzatu dute, hau da, badute makina bera egina, prototipoa. “Oraingoz tamaina handia du, ez da eramangarria, baina proiektua gehiago garatu daiteke”.
Iturria:MONDRABERRI.com
264 visualizaciones