MondragonLingua Translation&Communication enpresak Itzulpen Automatikorako (IA) zerbitzu berria jarri du abian

MondragonLinguako itzulpen eta lokalizazioko ingeniaritza-sailak Vicomtech-IK4 ikerketa-zentroaren laguntzaz eta ISEAren koordinaziopean amaitu berri du itzulpen automatikorako (IA) motor pertsonalizagarriaren garapena. Horrela, bada, MondragonLinguak eduki eleanitza sortu eta bezeroei eskainitako itzulpen-zerbitzua hobetu ahal izango du kostuaren eta eraginkortasunaren aldetik.

Aurrerapauso hori Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saileko GAITEK programak PLATA proiekturako (Itzulpen automatikorako PLAtaforma) emandako finantziazioari esker lortu ahal izan da. Ekimenak, hain zuzen ere, enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu, eta, horretarako, produktuen garapenerako eta berrikuntzarako I+G-ko proiektuak sustatzen ditu.

Aurrerantzean, lehenago itzulitako edukia erabili ahal izango da, IA motorraren bidez aurretiaz prozesatu ahal izateko. Horren ondorioz, bezeroentzako itzulpen-kostuak gutxitu ahal izango dira, giza itzultzaileek itzuli beharreko hitzen kopurua murriztean. Kostuen murrizketak %25erainokoak izan daitezke ohiko itzulpenaren kostuaren aldean.

Onurak, ordea, ez dira gastuetara mugatuko, eraginkortasunak ere hobera egingo duelako. Zerbitzua web-ataritik erabili ahal izango denez, itzulpen-prozesua are azkarragoa izango da. Erabiltzailearen izena eta pasahitza sartu ondoren, bezeroek agiriak igo, unean bertan modu automatikoan itzuli eta emaitzak jaitsi ahal izango dituzte. Zerbitzuan, hizkuntza-pareen hasierako multzoa eta itzulpen-domeinuak eskainiko dira, baina beste batzuk ere sortu ahal izango dira. Interfazeak zenbait formatu onartuko ditu: .docx, .txt, .html, .xml edo .odt. Gainera, balio bereziko ezaugarri moduan, itzulitako agirien jatorrizko formatuari ere eutsiko dio (karaktere lodiak edo etzanak, eduki-taulak, irudiak eta grafikoak...). Era berean, bezeroek aurretiaz itzulitako fitxategien zerrenda ere erabili ahal izango dute, enpresaren estatistikak eta datuak ateratzeko (esate baterako, itzulitako hitzen kopurua).

IAko motorra garatzeko azpiko teknologia itzulpen automatikorako kode irekiko Moses motor estatistikoan dago oinarrituta. Sistema hori Europako zenbait ikerketa-zentroren ahalegin bateratuan garatu da, baita Europako Batzordeak finantzatutako ikerketa-proiektu ugaritan ere. Mosesek IAko motor pertsonalizagarriak garatzeko oinarria eskaintzen du, MondragonLinguakoan bezalaxe.

Horrez gain, ordenagailu bidezko itzulpenerako (OBI) eta osteko giza ediziorako tresnen bitartez integratuko da. Halaber, kanpoko tresnen bidez ere integratu ahal izango da (adibidez, CMS), API berezia garatuz gero (aplikazioen programaziorako interfazea). MondragonLinguaren etorkizunerako planen arabera, softwarerako beharrezko osagaiak, APIak eta sareko azpiegitura garatuko dira, hodeian bertan itzulpen-zerbitzu osoa sortu ahal izateko.

like0

123 visualizaciones