Mondragon Unibertsitateko LEINNeko ikasle batek GAZE proiektuan parte hartuko du EHU eta Tknikarekin batera.
MU, EHU eta TKNIKA ordezkatzen duten hiru gaztez osaturiko diziplina anitzeko talde batek onartu du, aurten, GAZEn parte hartzeko erronka; Gipuzkoako goi-hezkuntzako gazteen komunitatea ekimenaren zentzuaren eta ekintzailetzaren inguruan sentsibilizatzera bideratutako jarduera-programa jarriko dute abian.
GAZE proiektua (GAZTE EKINZALE) 2008an sortu zen gure lurraldeko goi-hezkuntzako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko xedez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak babesten du.
GAZE, gobernantzaren oinarrizko printzipioen arabera kudeatu behar zen programa estrategiko gisa hauteman zen hastapenetik. GAZEren gobernantzak, programaren ziklo osoan ikasleen partaidetza aktiboa eskatzen du, eta lau dimentsioren inguruan dago ardaztuta: partaidetza, aniztasuna, konpetentziak eta kultura.
Aurtengoan, proiektua gure lurraldean egoitza duten goi-hezkuntzako hiru erakunderen lankidetzarekin garatzen da: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea (MU) eta TKNIKA lanbide heziketarako sarea.
Gazte aktiboak
Gazte aktiboen erritmora mugitzen da GAZE. Gazte horiek, ekitea aurrera emandako pausoa dela uste dute, eta pausoa emateko modu asko daudela.
Julen Arrizabalaga (Donostia, 1993) LEINNeko -Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua (Mondragon Unibertsitatea)- ikaslea da Irunen. Donostian bizi da, nahiz eta, une honetan, hiriburutik kilometro askora egon. Lierni Ortizek (Zegama, 1992) Ingeniaritza Zibila ikasten du Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan (UPV/EHU). Xabier Sanchez, 1990ean jaioa, Pasaiakoa da. Administrazio eta Finantzak gradua ari da ikasten Donostiako Zubiri-Manteo (TKNIKA) Institutuan.
Julen, Lierni eta Xabi, esparru, karrera eta prestakuntza-ziklo ezberdinetatik datoz, baina ez dute egitura egonkor bat eratzen. Sarean egiten dute lan, interkonektatuta, osotasun baten zatiak bailiran. “Profil ezberdinak dituzten pertsonak ezagutu eta sare sozial bat osatu nahi dugu, Gipuzkoa ekintzaileagoa irudikatzeko gai den edonorentzat lekua izango duena”, diote. Horixe da GAZEk duen filosofia, izan ere, jarrera partehartzailea eta gobernantza dira haren ezaugarriak. Hala, denbora igaro ahala, gero eta babes gehiago du proiektuak.
Hiru 'Kolabora' hauek gertuagotik ezagutu nahi badituzu, berriki sortu duten blogean sar zaitezke (http://gaztekintzaile.wordpress.com/). Bertan, aipatu ikasleen profilak ezagutzeaz gain (ikasketak, zaletasunak, iguripenak, GAZEra batzeko arrazoiak, etab.), programarekin lotutako azken albisteak jarrai ditzakezu: aldizkari digitala, mintegiak, hitzaldiak… eta ustekabekoren bat ere bai. Izan ere, denbora batez ikerketan, behaketan eta ikaskuntzan aritu ostean, gazte hauek, inguru hurbilenean (unibertsitatean edo prestakuntza-zikloetan) identifikatu dituzten esperientziak eta praktika onak bistararazteko erronka finkatu dute, betiere, ekimenaren zentzuarekin eta ekintzailetzarekin lotuta.
Blog berria
Programaren barnean egiten diren jarduerak ikusarazi eta haiekiko sentsibilizazioa pizteko asmoz, aurten, http://gaztekintzaile.wordpress.com/ bloga ireki dugu. Espazio horretan aurkituko dituzuen edukiak, GAZEn ‘Kolabora’ modura parte hartzen duten ikasleek taxutzen dituzte. Ikasle horiek, gainera, proiektuko Idazkaritza Teknikoa osatzen duten profesionalen laguntza dute.
Maiatzeko topaketak eta aldizkaria
Une honetan, GAZEko neska-mutilak “kazetaritza lanetan” murgildurik daude burubelarri: harremanak eraiki, elkarrizketak egin, artikuluak idatzi… Sortu berri duten bloga elikatu behar dute eta, horrez gain, maiatzean argitaratuko den aldizkari digitalerako edukiak prestatu behar dituzte. Bigarren fase batean, egindako behaketen emaitzak ezagutarazi eta proiektuko lehen fasean jasotako ezagutza besterentzeko xedez, ikasleek topaketa bana antolatuko dute, beren ikasketa-zentroetan gauzatzekoak. Maiatzean garatuko dira topaketa horiek, “ezagutza besterentzeko mintegiak” izenburupean.
Ekaineko hitzaldi-mintegia
Azkenik, praktiketako ikasleek, ekainean burutuko den “instituzio arteko hitzaldimintegi” baten antolaketan parte hartuko dute modu aktiboan. Mintegi horretako gai zerrenda elkarren artean (EHU, MU eta TKNIKA) zehaztuko dute, eta gai horietan adituak diren pertsonek parte hartuko dute. Hala, erakusleiho itzela izango da ekimenaren zentzuaren sustapenarekin lotutako kasu eta esperientziak agerrarazteko. Horren ondorioz, ideiak proiektu bilakatzeko konpetentziak landuko dira. Halako gaitasunek, zalantzarik gabe, oso harrera ona dute gure gizartean, are gehiago krisialdian eta ikaslearen rola -eta irakaslearena- aldatzen ari den garai batean.
GAZE proiektuak urtero hainbat alternatiba proposatzen ditu Gipuzkoako entitateen arteko lankidetza indartzera bideratuak, ikasle aktiboak protagonista izango dituen heziketa eredu bat finkatzeko asmoz.
Iturria: MONDRAGON.edu
168 visualizaciones