Mondragon Unibertsitatearen ikerketa erreferentzia bihurtuko da nazioartean.

Unibertsitateak sendotu egin du bere ikerketa hainbat alorretan, hala nola Energian, 4.0 Industrian eta Fabrikazio aurreratuan. Horiek estrategikoak dira eta sektoreen espezializazio adimendunaren europar eta euskal estrategiaren, RIS-3 delakoaren, barruan daude kokatuta.

Mondragon Unibertsitatea, eta zehatzago bere Goi Eskola Politeknikoa, ikerketako erreferentzia bihurtuko da nazioartean, goi-teknologiako Europako lau proiektutan parte hartuko baitu. Proiektu horiek sektoreen espezializazio adimendunaren europar eta euskal estrategiaren, Euskadi RIS-3 delakoaren, barruan daude kokatuta. Proiektuek guztira 50 milioi euro jasoko dute, eta honako alor hauek dituzte xede: Energia, 4.0 Industria eta Fabrikazio Aurreratua. Gainera, hiru urtetan (36 hiletan) garatuko dira. Horri esker, unibertsitateak Euskadirentzat estrategikoak diren sektoreetako ikerketa bultzatuko du, eta ikerketaren emaitzak euskal industrian aplikatuko dira, euskal ekonomiaren hazkundeari laguntzeko.

Espezializazio adimendunaren europar estrategiak hiru lehentasun zehaztu ditu: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak. Fabrikazio aurreratuaren kasuan, Euskadik bere estrategia produktu berri adimentsuagoak sortzera zuzendu du, hala nola material berriak erabiltzera eta fabrikazio-prozesuak hobetzera. Energiaren sektorean, berriz, estrategia Euskadiko sektore energetiko guztietan eta horien balio-kate osoan I+G+B sustatzera zuzenduta dago.

Aurrekontu-sail handiena

Proiektu horietako baten, MANTIS izenekoaren, buru Mondragon Unibertsitatea da. Hori 47 bazkide dituen –8 estatukoak: EPS-MU, Ikerlan, Tekniker Fundazioa, Fagor Arrasate, Acciona, MSI, Goizper eta Mondragon– europar proiektua da. Proiektuak 30 milioi euroko aurrekontua du eta orain arte unibertsitateak jaso duen diru-zenbateko handiena da. 4.0 Industriaren alorreko proiektua da, eta hodeian industria-alorreko mantentze-zerbitzuen plataforma bat diseinatzea eta garatzea da helburua, non sentsoreek edo sistema txertatuek prozesuak monitorizatuko dituzten. Horri esker, sistema adimendunek erabakiak hartzen lagunduko dute, etorkizuneko errendimendua zenbatetsiz eta denbora gutxian izan daitezkeen akatsak aurreikusiz. Mantentzea era proaktiboan programatu eta industria-mantentze proaktiboa egin ahal izango da, kostuak txikitzeko eta materialak hobeto erabiltzeko. Proiektuko emaitzak lau eszenatokitan baliozkotuko dira: produkzio-aktiboen mantentzean, ibilgailuen kudeaketan, energiaren produkzioan eta osasun-alorreko ekipoen mantentzean.

Ibilgailu elektrikoak eta industria aeronautikoa

Ibilgailu elektrikoen autonomia % 50  handitzea. Hori da Mondragon Unibertsitatea bazkide duen –beste 13 bazkiderekin batera– OPTEMUS europar proiektuaren helburua. Virtual Vehicle da proiektuaren buru eta FIATek hartzen du parte. Horrek FIAT 500 bat jarriko du partzuergoaren esku, proiektuaren helburuak betetze aldera ibilgailuari hainbat teknologia ezartzeko. Ondoren, lorturiko emaitzak beste ibilgailu elektriko batzuetara estrapolatuko dira. Estatuan Mondragon Unibertsitateak eta Stirling Zentroak hartzen dute parte, eta 6,4 milioi euroko aurrekontua du. Proiektuan kudeaketa termiko aurreratuko sistemak garatuko dira, metatze termiko eta elektrikoko sistema gisa jarduten duten baterien housinga (ahokalekua), HVAC unitate aurreratuak (berokuntza-sistema, aireztatze-sistema eta aire girotua), energia termikoa kontrolatzeko unitatea, birsortzezko indargetze-sistemak, kontrol-sistema adimendunak (eco-driving, eco-routing, kabinaren antolamendu prediktiboa) eta abar. 

Mondragon Unibertsitateak eta Stirling Zentroak erdieroaleak erabiliz klimatizazio-sistema lokalizatuen garapenean lan egingo dute. Horren erakusle izango da aulki adimendun girotua.

MMTech proiektuak Europako 13 bazkide ditu. Horien artean daude Mondragon Unibertsitatea eta Ideco, estatuko bazkide bakarrak. Proiektua 4.0 Industriaren barruan kokaturik dago eta material berriak garatzea du xede. Orain hasiko da eta 2018 erdialdera amaituko da, eta 5,7 milioi euroko aurrekontua du. Alderdi giltzarrietako bat da titanio-aluminuroen (titanio- eta aluminio-aleazioen) erabilera, dituzten ezaugarriei esker material ezin hobeak baitira hegazkin-motorretan erabiltzeko. Mekanizazioa hobetuz errendimendu handiko aleazio horien kosteak txikitzeko teknologiak ikertzea du xede proiektuak. Ikerketa hori euskal ekonomiaren sustatzailea den Euskadiko aeronautikako industriarentzat baliagarria izango da. Alor horretako hainbat industriak dagoeneko proiektuaren inguruko interesa erakutsi dute, esaterako ITPk.

Laugarren proiektuak, EU-LIVE (Efficient Urban Light Vehicles) izenekoak, hirian erabiltzeko ibilgailu elektrikoak ditu helburu, 20 ZP-tik beherako potentzia duten ibilgailuak, hala nola motozikletak, scooterrak, trizikloak eta hirirako auto txikiak. Proiektuaren buru Virtual Vehicle eta automobilgintzako bi fabrikatzaile handi dira: PSA eta Peugeot. Partzuergoa Europako 15 parte-hartzailek osatzen dute eta estatuko bazkide bakarra Mondragon Unibertsitatea da. Proiektuak 8 milioi euroko aurrekontua du. Proiektuaren helburua trakzioko oinarrizko osagaiak garatzea da, horietatik abiatuz hirirako askotariko ibilgailuak eraikitzeko. Proiektuan triziklo hibrido eta scooter elektriko baten prototipoak garatuko dira, eta prozesu berritzaile baten bidez, quad hibrido baten simulazio-prototipoa. Mondragon Unibertsitatearen egitekoa Litio teknologian oinarrituta trakzioko bateria garatzea izango da.

Iturria: MONDRABERRI.com

like0

179 visualizaciones