Mondragon Unibertsitatean, 5.000 profesional baino gehiago urtean.
Mondragon Unibertsitatearen leitmotiv-a "enpresen premiei prestakuntzaren bitartez erantzutea" dela berretsi egiten dute zenbakiek: 5.000 profesionalek baino gehiagok parte hartzen du urtero Debagoieneko unibertsitatearen eskaintza horretan. Guztira, 23.000 prestakuntza-ordutik gora eskaintzen du.
Eta eskaintza zabal horren barruan, norbere behar edo gustuen araberako eskaintza ematen dute, Mondragon Unibertsitatetik nabarmendu dutenez, "8 orduko ikastaroak, nahiz 1.500 orduko masterrak" aurki daitezke.
Ikastaro zein master horiek eskuratzeko modua ere aukeran ematen du MUk: "Online graduak, unibertsitate-masterrak eta profesionalentzako masterrak hartzen ditu barne, baita aditu-tituluak, aurreratuak eta ikastaro laburrak ere", adierazi dute.
Unibertsitatetik nabarmendu dute, baita ere, prestakuntza hori posible izan dadin, "fakultateek -ingeniaritza, enpresagintza, gastronomia eta hezkuntza- harreman estua" mantentzen dutela enpresekin eta erakundeekin, eta horrek, besteak beste, "pertsonen trebakuntza-prozesua bizkortu" egiten duela.
Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektore-ordeak esan duenez, "dagoeneko ez da nahikoa gazteak unibertsitatean beren lan-bizitzarako prestatzea. Gero eta garrantzitsuagoa da gure ikasleei beharrezko ezagutzak garatzen laguntzea, baina ez ikasten ari diren bitartean bakarrik, baita lanean ari direnean ere".
Bukatzeko, alor bakoitzeko hainbat ikastaro nabarmendu gura izan dituzte. Esaterako, "ingeniaritzen kasuan, industria-antolaketari, proiektuen kudeaketari, diseinu industrialari, elektronikari edo komunikazioaren eta informazioaren teknologiari buruzko ikastaroak (…) Gastronomiaren kasuan, gozogintzarekin eta sommeliertzarekin lotutako ikastaroak. Hezkuntzan (…) hezkuntza, komunikazioa eta kooperatibismoa, eta enpresagintzako ikasketen esparruan, aldiz, kudeaketa, lidergoa, ekintzailetza edo kooperatibismoa".
Iturria: GOIENA.eus
143 visualizaciones