Mondragon Unibertsitateak eta Indiako MIDAS prestakuntza-zentroak hitzarmena sinatu dute.

Argazkia ezin daiteke txundigarriagoa izan. 5 milioi lanpostu sortuko dituzten 10.000 ekintzaile. Horri esker, negozio, produktu eta zerbitzu berrietan 20 milioi pertsonak aurkituko dute bizibidea Indian. Hori da Mondragon Unibertsitateak Puneko MIDAS Zentroarekin, ekintzailetza xede duen Indiako prestakuntza-zentroarekin, gaur sinatuko duen lankidetza-hitzarmenaren helburua. Hitzarmenari esker, Indian ekintzailetzaren eremuan lan egiteko euskal-indiar sarea sortuko da, eta Mondragon Unibertsitateak herrialde horretako gazteak prestatu ahal izango ditu eta ekintzailetzaren inguruko jarrera proaktiboak sustatu.

Gainera, bi zentroen elkarlanari esker, barne-ekintzailetzari buruzko graduondoko programa bat garatuko dute Indian, eta ikasle indiarrak ekintzailetzaren eremuan dauden tresnarik aurreratuenetan prestatuko dira. Horretaz gain, hitzarmenaren barruan, Mondragon Unibertsitateak ekintzaile eta enpresa indiarren hazitegi bihurtuko den gunea ere sortuko du, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek ekintzailetzako proiektuak garatzeko eta herrialde horretako edo beste batzuetako ikasleekin nahiz hainbat esparrutako ekintzaileekin  harremanetan egoteko ingurune bat izango dute sortuko den indiar sarean.

Jatorria

MIDAS prestakuntza-zentroa Indian Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza-hazia lantzeko zentro egokia dela iruditu zaigu. Ekintzailetza, hain zuzen, unibertsitatearen zutabeetako bat izan da azken urteetan. Zergatik? Zentroaren sustatzailearen profilagatik. Parag Shah Indiako enpresari garrantzitsua da, ekintzaile-sena duena eta hezkuntzarekin konprometituta dagoena. Enpresariak abian jarritako enpresen artean, banaketaren eta aisialdiaren eta kirolaren sektoreetan erreferente diren enpresak daude.  Parag Shah FLAME Unibertsitatearen (Nottingham University-rekin loturiko unibertsitatearen) sustatzailea izan zen. Nahiz eta unibertsitateak urte gutxi dituen, dagoeneko Puneko prestakuntzaren erreferente bihurtu da.

Halere, Parag Shah-k ez zuen ekintzailetzaren inguruko bere ametsa bete joan zen urtean MIDAS proiektua martxan jarri zuen arte. Bere helburua 5.000.000 lanpostu sortuko dituzten 10.000 ekintzaile prestatzea da; eta, horri esker, Indian produktu eta zerbitzu teknologikoei loturiko landa-eremuko negozio berrietan 20.000.000 pertsonak bizibidea aurkitzea. Proiektuaren eragina epe ertainean ikusiko da Indiako gizartean.

Lankidetza horri esker, indiar gazteek inguruneak ekintzailetzako talde bihurtuko dituzten metodologiak ezagutuko dituzte, eta ekitearen eta ideia eta proiektu berriak abian jartzearen garrantziari buruzko prestakuntza jasoko dute.

India helburu

India, zalantzarik gabe, helburu estrategikoa da Mondragon Unibertsitatearentzat eta Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Graduako (LEBGeko) ikasleentzat. Hori gradu erabat iraultzailea da, bakarra Espainian. Oñatin eta Irunen izan duen arrakasta dela eta, Madrilen, Amsterdamen, Bartzelonan eta Bilbon ezarri da ibilbideen bitartez. Bilbon, hain zuzen, aurten ezarri da Bilbao Berrikuntza Faktoriaren egoitzan.  Leku hori egokia da ‘Learning Jorneys’ direlakoak egiteko. Izan ere, gradu horretako ikasleek, beren prestakuntzak irauten duen bitartean, ikasketa-bidaiak egin behar dituzte nahitaez beste ingurune batzuk ezagutzeko.

Horrenbestez, ikasketa-bidaia horiek oso garrantzitsuak dira graduak irauten dituen lau urteetan. Urtero, bidaia bat egingo dute, eta bidaia bakoitzak bere helburuak izango ditu. Lehen ikasturtean, Mondragon Unibertsitateko LEBG graduko ikasle guztiek bi hilabeteko prestakuntza-bidaiak egiten dituzte Tiimiakatemia-ra (Finlandia) –handik hartu zuen Mondragon Unibertsitateak gradu aitzindari hau egiteko ideia–; bigarren ikasturtean, Estatu Batuetara joaten dira, hilabetez; eta hirugarren ikasturtean, hiru hilabetez joaten dira Txina, India, Brasil, Mexiko eta beste herrialde batzuetara. Helburua? Haien guztien helburua beste esperientzia batzuetatik ikastea da, eta herrialde horietan enpresa-proiektuak martxan jartzea.

Hitzarmena: jarduketa-eremuak

Benetan, lankidetza-hitzarmenak honako jarduketa hauek gauzatuko ditu:

  • LEBGeko ikasleek Indiara egiten dituzten ikasketa-bidaietan Midaseko campusera joango dira. Horrela, ostatu egonkor bat izango dugu urtero, instalazio berriak dituena eta gazteez eta ekintzaileez inguraturiko prestakuntza-ingurune batean dagoena.
  • Mondragon Unibertsitateak ziurtatuko du MIDASen ekintzailetza-programa. Hori Mondragon Unibertsitatearen ziurtagiria izango duen ikastaro trinkoa izango da.
  • Baterako graduondoko programa bat garatuko da, Mondragon Unibertsitatearen eta MIDASen barne-ekintzailetzako Masterra, hain zuzen. 2014ko urtarrilean abian jarri da.
  • MIDASeko profesionalak ekintzailetzako tresna aurreratuetan prestatuko dira.
  • MIDASen gunea izango da, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen diren eta ekintzaile berrien hazitegia izango den ingurune dinamiko batean unibertsitateko ekintzailetza-unitatea, Mondragon Team Academy, ezartzeko Punen. Ingurune horretan, ikasleek beren ekintzailetza-proiektuak abian jarri ahal izango dituzte eta enpresek eta ekintzaileek elkarlanean jardun ahal izango dute. Gainera, gradua amaitu ondoren, beren benetako enpresa-proiektua Indian egiten duten LEBGeko ikasleek bertan lan egingo dute. Horretaz gain, ingurune horrek enpresa berriak hartuko ditu eta enpresa berrien hazitegi bihurtuko da.

Hitzarmenak ateak irekita utzi ditu etorkizunean bi zentroen arteko ekintzailetzari buruzko lankidetza-bide berriak aztertzeko. Baina, alor horren inguruko euskal-indiar lankidetzaren aurreneko urratsa dagoeneko eman dugu, urrats sendo baten bitartez.

Iturria: MONDRABERRI.com

like0

181 visualizaciones