Mondragon Team Academy ekintzailetza-unitateak barne-ekintzailetzaren aldeko apustua egin du
Jardunaldiak Donostian izango dira eta bi egunez iraungo dute, leitmotiv honekin: ekintzailetza era zabalagoan ulertzea eta enpresek eta gizarteak barne-ekintzailetza oinarrizko elementutzat hartzea, beren negozioetarako eta gero eta ingurune globalizatuago eta lehiakorragoetan irauteko. Gai horren inguruan eztabaidatzeko elkartuko diren pertsonen ezaugarria, beraz, hauxe izango da: ekiteko grina edo beren negozioen etorkizunak barne-ekintzailetzaren eredua aintzat hartu behar duelako ikuspegia. Mondragon Unibertsitatea ekintzailetzako liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan. Horregatik ireki du foro hori, gizarteak ekintzailetzaren arloan zokoraturik utzi ohi duen alderdi hau lantzeko: dagoeneko abian den enpresa baten barruan ekitea. Enpresa baten barruan negozio berriak abian jartzea funtsezko elementua da negozioak eta konpainiak eraldatzeko. Eta horrek berebiziko garrantzia du bizi garen ingurune global eta aldakorrean.
Bi egunetan, ekainaren 11n eta 12an, Basque Culinary Centerren instalazioak ekiteko modu horri buruzko elkargune eta eztabaidagune bihurtuko dira, beren negozioetan barne-ekintzailetza mota hauek garatu dituzten konpainia eta taldeen eskutik: zerbitzuen internazionalizazioa eta dibertsifikazioa edo negozio berriak abian jartzea. “The TEAMtalks” izenburupean, zenbait konpainiatako barne-ekintzailetzako taldeek zehatz-mehatz azalduko dute nola egungo egoera ekonomikoak, hain konplexua izanik, aldaketa bat eskatzen duen gure inguruko enpresetan, ohituretan eta baita negozio-ereduetan ere.
Zoko berriak
Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen ekitea oso garrantzitsua dela, inguru guztietan onartzen da ekintzailetza gure herrialdean aberastasuna eta enpresa berriak sortzeko motorra dela. Baina, zer gertatzen da barne-ekintzailetzarekin? Ekiteko eredu hori bigarren maila batean geratu da, ekintzailetzak nolabait ostendurik.
“The TEAMtalks” jardunaldien erdigunean honako baieztapen hau koka liteke: “Zailagoa da enpresa sendo handi batek irautea enpresa berri bat sortzea baino”. Hala da, aurrekariek frogatzen dute hori egia dela. Baina enpresek, hain ingurune globaletan eta lehiakorretan iraungo badute, eraldatzeko eta egokitzeko gai izan behar dute, zoko eta premia berriak bilatuz. Enpresak eta pertsonak ez badira premia horiek ikusteko gauza, iraupena oso zaila dute gaur egun. Hain zuzen, handicap horri aurre egiteko antolatu ditu jardunaldiok Mondragon Unibertsitatearen ekintzaletza-unitateak, Mondragon Team Academyk –aurten bosgarren urteurrena beteko du Finlandiako Team Academyko taldeekin lotuta–. Horietan, parte-hartzaileek barne-ekintzailetzaren inguruko esperientziak aztertu eta azalduko dituzte. Topaketa horretan, profesionalek ekiteko modu horretan interesatuta dauden pertsonekin harremanetan jarri, esperientziak trukatu eta barne-ekintzaletzari arrakastaz ekin dioten enpresaburuek esan dezaketena entzun ahal izango dute.
‘The TEAMtalks’
Jardunaldietako lehen eguna ekainaren 11 izango da, asteartea, eta honako enpresa hauek hartuko dute parte: CAFek internazionalizazioa aurkeztuko du barne-ekintzailetza gisara, eta teknologia txikiko tokiko enpresatik nazioarteko enpresa liderra izatera nola iritsi den azalduko du; BATZ automozio-alorreko enpresak negozio berriak abian jartzeko esperientziaren berri emango du, hain zuzen enpresak berak lehengo negozioari eutsiz eta sendotuz abian jarri zuen spin-off-a; Alemaniako Hettich konpainiak, Gipuzkoan faktoria txiki bat duenak, gogoeta egingo du multinazional baten barruan bakarra izateko posibilitateaz; eta, azkenik, pertsonak oinarri dituen Net enpresa-elkarteak hartuko du parte.
Bigarren eguna ekainaren 13a izango da, asteazkena, eta honako enpresa hauek ezagutaraziko dituzte beren esperientziak: Ulma taldeak adieraziko du nola jakin duen teknologoa hibridoak erabiltzen, eraikuntza-alorretik abiatuta negozio berriak sortzeko; H-Enea etxetresna elektrikoen alorreko konpainiak negozio-aukera berriak aurkitu ditu erabiltzailearen eta kontsumitzailearen lankidetza eta hurbiltasuna baliatuz; Init enpresa, berriz, teknologien kontsultoretzatik osasunari, itsas bizitzari edo arte digitalari lotutako beste jarduera batzuetara zabaldu da. Horiek guztiak izango dira barne-ekintzailetzaren alorreko esperientziak azaldu eta horien inguruan gogoeta egingo duten enpresak.
Bestalde, ekainaren 13an, ostegunean, Mondragon Team Academyren 5. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da.
Mondragon Team Academy
Izan ere, jardunaldi hauek Mondragon Team Academyren 5. urteurrenaren esparruan kokatzen dira. Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza-unitatea 500 talde-ekintzailez osatuta dago. Horrenbestez, estatuko ekintzailetza-komunitaterik handiena da.
Mondragon Team Academy unitatea Tiimi Akatemia hezkuntza-organismoaren nazioarteko sarearen barruan dago. Organismo hori Jyväskylä-ko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean (Finlandia) sortu zen orain dela 20 urte. Team-company bakoitza bere ikasketa-planarekin sortzen da, eta emaitza bikainak lortu dituzte denek. Hori dela eta, izugarrizko ospe ona lortu dute; izan ere, ikasleen % 36k bere negozioa sortzea lortu dute. Hau da, ekintzaile kopurua beren nazioko batez bestekoa baino handiagoa izatea lortu dute.
Mondragon Team Academy 2007an sortu zen, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Erabiltzen duen metodologiak talde-ekintzailetza eta eginez ikastea edo "learn by doing" ditu oinarri.
Mondragon Team Academyren helburua bere ingurunean balio kooperatiboak dituzten eta ikasketa aktiboa erabiltzen duten talde ekintzaileak sortzea da. Unitateak zeregin akademikoak nahiz ekintzailetza-proiektuak betetzen ditu.
Iturria: MONDRABERRI.com
155 visualizaciones