MCC Telecom eta Ecolec-ek soluzio bat ezarri dute “hondakin elektronikoen” kudeaketan

Donostiak Europako WEEE-Trace eko-berrikuntza proiektuaren bilera hartuko du. Ecolec Fundazioak eta MCCTELECOM S.Coop.ek soluzio bat ezarri dute "hondakin elektronikoen" kantitate handiagoa kudeatzeko, uneoro kontrolatzeko eta kontrolik gabeko edo legez kanpoko zirkuituetarako ihesak galarazteko.

2011n zehar merkatu nazionalean jarri ziren 664.900 tona gailu elektriko eta elektronikoetatik 155.000 tona hondakin baino ez ziren behar bezala kudeatu, ingurumenari dagokionez. Gainerako % 70ekin legez kanpoko edo kontrolik gabeko tratamenduak egin ziren, arriskutsuak izan daitezkeenak osasun publikorako, ingurumenerako eta legezko birziklapenaren sektorearen lehiakortasun eta garapen ekonomikorako. Ostegunean, urtarrilak 24, Donostian WEEE-Trace Proiektuaren Europako bilera egingo da; ekimen horrek sistema teknologikoki aurreratu baten bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetzen du, hondakinak jatorritik amaierako birziklapenera kontrolatzeko.

Soluzio horren nahia da kudeatutako hondakinen kopurua nabarmen handitzea, uneoro kontrolatzea eta kontrolik gabeko edo legez kanpoko zirkuituetara ihesak galaraztea (esportazioak, lapurretak, etab.). WEEE-Trace Proiektuaren liderrak dira MCCTELECOM S.Coop eta Ecolec Fundazioa (irabazi asmorik gabeko erakundea, gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinen bilketa, tratamendua, balorizazioa eta deuseztapena modu eraginkorrean finantzatzeaz arduratzen da).

Donostiako hitzorduan Proiektuaren gaur egungo egoeraz informatuko da (dagoeneko ezarpen fasean dago maila nazionalean, EAEn eta Nafarroan garatutako pilotuarekin), eta bertan izango dira bere partaideak, hau da, Jose Ramon Carbajosa jauna, Ecolec Fundazioaren zuzendari nagusia eta WEEE-Forum europar erakundearen lehendakaria den heinean (elkarte horrek Europako 24 herrialdetako gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko 41 sistema integratu elkartzen ditu), eta Jesus Irure jauna, MCCTELECOM S.Coop.Eko gerentea; ASEKOL hondakinen kudeaketarako txekiar sistemaren ordezkariak, eta interesa duten hainbat behatzaile, horien artean horrelako hondakinetan Frantziako sistemarik garrantzitsuena den Eco-Systemesetik datozenak.

EAEn eta Nafarroan garatu den fase pilotua amaitu eta gero (iazko irailean), orain estatu mailan hedatzen ari da, oraingoz penintsularen iparraldean, eta, ezartzen hasi eta hiru hilabete baino igaro ez direnean, gailu elektriko eta elektronikoen 300 tona hondakin baino gehiago jaso ahal izan dira, trazabilitate handiarekin (etengabe kontrolatzea eta jarraipena egitea ahalbidetzen duen ezaugarria da). Ecolec Fundazioak hondakinak kudeatzeko bere kate osoan ezarriko du esperientzia hori, eta gure mugetatik kanpo ere errepikatu ahal izateko pentsatuta dago.

WEEE-Tracek informazio eta komunikazio teknologia aurreratuak erabiltzen ditu, hala nola etiketak eta irrati-maiztasun bidezko jarraipena (sistema horri esker, hondakin bakoitzean jarritako etiketa batetik datuak transferi daitezke, identifikatu eta jarraipena egiteko helburuarekin); geoposizionamendua; irudien atzipena, etab., kate logistikoan hondakinen fluxuen trazabilitatea bermatu ahal izateko, jatorritik azken birziklapenera arte. Ahalmen horiek agerian geratu dira prozesuan parte hartzen duten eragileentzat. Horrenbestez, garbiguneetan legez kanpoko ihesak galarazteko aplika daitezkeela ikusirik (etengabeko lapurretak hondakinik baliotsuenak lortzeko), horiek kudeatzen dituzten erakundeen interesa bereganatu dute.

Proiektuan produktuaren bizitza ziklo osoaren eragileek parte hartzen dute, horien artean Fagor Etxetresnak firmak; eta fase pilotuan hondakinen kudeatzaile logistikoak ari dira, esaterako, Emaus, Bilbon; edo birziklapen plantak, Nafarroako Ecointegra kasu. Halaber, hondakinen kudeaketan diharduen ASEKOL sistemak ere parte hartzen du, eta behatzaile edo kanpoko kide gisa elkartu dira baita ere SIGRAUTO, erabileratik kanpo dauden ibilgailuak kudeatzeko sistema, Bizkaiko Foru Aldundiaren partaidetza duen Berziklatu birziklapen kudeatzailea, Carrefour banaketa komertzialeko enpresa eta CEGA kudeatzaile logistiko integrala.

2011n, EACI Europako Batzordeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Agentzia Exekutiboak WEEE-Trace proiektua aukeratu zuen, CIP-Eco-Innovation Programaren barruan. Eco-Innovation ekimenak garapen eta ikerketa jardueren eta horien aplikazio praktikoaren arteko hutsunea bete nahi du, egoera errealetan oinarrituta.

Horrenbestez, programak ingurumenerako abantailak eta babesa eskaintzen dituzten produktu, prozesu eta ideia berritzaileei laguntzen die, merkatuko baldintza errealetan irtenbide aplikagarri bihur daitezen, merkaturatu ahal izateko. Ekimenaren bidez, Europar Batasunak bere ingurumen helburuak lortzeaz gain, industriaren eta garapen ekonomikoaren lehiakortasuna ere sustatzen du.

WEEE-Traceri buruzko informazio gehiago: www.weee-trace.eu  

MCCTEECOM, www.mcctelecom.es, Mondragon Korporazioko enpresa kooperatibo bat da, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arloan soluzioak eta zerbitzuak ematen dituena, bere bezeroen balio katearen barruan elementu traktore gisa jarduteko. MCCTELECOMek IKT Prozesuen Kalitatearen ISO 20000 ziurtagiriak ditu, eta soluzio teknologikoetarako hainbat proiektu garatu ditu hondakinen Garbiguneak kudeatzeko eta ikuskatzeko.

ECOLEC Fundazioa, www.ecolec.es, irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, ingurumena defendatzeko sortua, eta konpromiso irmoa du garapen iraunkorrarekin.

Oro har, bere helburua da gailu elektrikoen eta elektronikoen bilketa, tratamendua, balorizazioa eta deuseztapena modu eraginkorrean finantzatzea, baita esperientziak hedatzea ere, azterketak, ikerketak, dokumentazioa, etab. erabiliz, eta garapen iraunkorraren kultura sustatzea.

Fundazioaren jarduera eremu nagusia Espainia da.

ECOLEC Fundazioak kalitatearen ISO 9001 ziurtagiria eta ingurumenaren ISO 14001 dauzka, eta WEEE Forumean integratuta dago, hau da, Europako gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinen kudeaketa kolektiborako sistemen sarean.

Iturria: TULANKIDE.com

like0

166 visualizaciones