Kirol-hezitzaile izateko integrazioan eta inklusioan oinarritutako ikastaroa jarri du abian MUk.

Kirol-esparruan pertsona anitzekin eta zenbait testuingurutan lan egingo duten profesionalak prestatzea izango du helburu urtarrilean martxan jarriko den ikastaroa. Etzi, eguena, informazio-saioa izango da Aretxabaletako campusean.

Kirol integraziorako eta inklusiorako erreminta gisa, eta bizi-kalitatean hobetzeko tresna gisa, Mondragon Unibertsitateak Kirol-hezitzaile aditua izeneko ikastaroa jarriko du martxan urtarrilean. Prestakuntza berritzaile horrek kirol-esparruan pertsona anitzekin eta zenbait testuingurutan lan egingo duten profesionalak prestatzea du helburu. Horrela, pertsonaren garapen osoa sustatu nahi da, ikuspegi soziala duen hezkuntza inklusiboaren markoan.

Informazio-saioa egubakoitzean, Aretxabaletan

Ikastaroa ezagutzera emateko helburuarekin, unibertsitateak informazio-saio bat antolatu du etzi, eguena, Aretxabaletako campusean. Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da. Mondragon Unibertsitatetik adierazten dutenez, gaur egun, eliteko kirola, kirol lehiakorra eta errendimenduan oinarritutako kirola nagusitzen dira jarduera fisikoan, baita, hein handi batean, hezkuntza-testuinguruetan eta oinarrizko eskola-kiroletan ere. Gaur egungo gizarteak eskatzen duen eta ikuspegi soziala duen hezkuntza-ereduaren printzipioak zehaztuta daude dagoeneko, baina oraindik aurrerapauso asko eman behar dira horiek errealitate bihurtzeko. Aditu tituluak eredu hori praktikan jartzeko beharrezko ezagutzak eta erremintak eskaintzen ditu.

Gorputz-hezkuntzaren eta eskola-erakunde eta –enpresetan, kirol-elkarte eta –federazioetan, eta abarretan lan egiten duten hezkuntzaren eta kirolaren munduko profesionalei zuzendurik dago. Aditu titulu hori bereganatzen duten profesionalek bi funtzio nagusi izango dituzte: hezitzailearena eta aholkulariarena.

Ikastaroa urtarrilaren 14an hasi eta ekainaren 30era arte luzatuko da; ikasturte amaierako lanak irailean aurkeztuko dira. Ikastaroa eguenetan, arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, eta zapatuetan, goizeko 9:00etatik 14:00etara, izango da Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen campusean. Ikastaroak 600 orduko iraupena izango du.

Hemen, Mondragon Unibertsitatearen webgunera lotura.

Iturria: MONDRABERRI.com

 

like0

227 visualizaciones