IK4-Ikerlan ‘Batteries 2020’ izeneko proiektu europarraren buru da
IK4-Ikerlan ‘Batteries 2020’ izeneko proiektu europarraren buru da. Egitasmo honen helburua nagusia bateriak berrerabiltzea da, automobilgintzarako erabilgarriak ez diren unetik aurrera energia berriztagarrien pilatzaile moduan erabiltzeko, hain justu ere. Proiektua aitzindaria da esparru honetan, eta edukiera handiagoa duten auto elektrikoentzako bateriak garatzea ere bilatzen du, biziraupen handiagoarekin eta fidagarriagoak direnak.
Egitasmo honetan parte hartzen ari diren kide batzuek TUlankide aldizkarian aditzera eman dutenez, “auto elektrikoen bateriak askoz jota bost urte igarota jubilatzen dira. Une horretan euren edukieraren %80a gaitasuna daukate oraindik, baina ez dira erabilgarriak automobilgintzaren moduko sektore zorrotz batentzat, horregatik botatzen dira, euren material asko birziklatu barik”.
Testuinguru honetan, IK4-Ikerlan ikerketa zentro arrasatearra ‘Batteries 2020’ delakoaren liderra da. Europa mailako proiektu hau orain dela gutxi izenpetu dute, eta iraila aldean jarriko da martxan. Izan ere, alor honetan Europak lider izan omen nahi du, baterien “bigarren bizitza” hori aprobetxatzea ahalbidetzen duten estrategien diseinuan, alegia. Horretarako, 8 milioi euroko aurrekontua egongo da, hein handi batean Europar Batasunak VII. Esparru-programaren bitartez finantzatutakoak.
Igor Villarreal.
Helburu hauek betetzeko partzuergoa eratu dute, eta bertan IK4-Ikerlan buru da. Era berean, euren esparruetan lider diren enpresek ere parte hartzen dute, Umicore, Leclanché, FIAT eta Abengoa modukoak. Aquisgran, Alemania -ISEA eta IME institutuen bitartez-, Aalborg (Danimarka) eta Bruselako unibertsitateak ere dira partaide. Gainera, proiektuaren berri emateko, Europako bateria ekoizleen elkarte Eurobatek ere kolaboratuko du.
Proiektua koordinatzeaz gain, Arrasateko teknologi zentro honek baterien biziraupena luzatu eta euren fidagarritasuna hobetzeko bideak ere ikertuko ditu, hala nola hasierako bizitza horretan hobeto funtzionatzeko era zehaztu. Bigarren bizitzari dagokionez, Ikerlanek bateriak berrerabilgarriak izateko zer nolako parametro aintzat hartu behar diren zehaztuko du.
Pilaketa sistema
Adituen esanetan, nergia berriztagarriek lortzen duten elektrizitatea pilatzeko sistema lortzeak berebiziko garrantzia du. Gaur egun, haize-sorgailuek sortzen duten energia ez da pilatzen, elektrizitate sarera zuzenean bidaltzen baita. Horrek gorabeherak eragiten ditu, haize handia denean gainkargak sortzen direlarik. Eguzki-energiarekin gauza bera gertatzen da.
Hain justu, eskaerarekiko iturri berriztagarriek sortzen duten energiaren malgutasun falta hori da egungo arazorik handiena. Plaka fotovoltaikoek, esaterako, ez dute energia sortzen erabiltzaileak behar duenean, baizik eta eguzkia egiten duenean. Testuinguru honetan, eguzkiak gogor jotzen duen egunetan horrek ezegonkortasuna sortzen du distribuzio-sareetan.
Honen ondorioz, ezin da energia guztiaren %20 edo 30a baino gehiago ekoiztu iturri berriztagarrien bitartez. Ehuneneko hori handitzeko bide bat energia hori pilatuko lukeen sistema bat bilatzea litzateke, eta IK4-Ikerlan buru duen proiektua helburu horretara bideratuta dago. Izan ere, aurreikuspenek diote Alemanian horrelako kolektoreen eskaera handia izango dela, herrialde horretako etxebizitza askok euren panel fotovoltaikoak instalatuta baitauzkate.
“Pilaketa sistema bat erabiltzeak eskaera handiena den orduetan energia eskura izatea ahalbidetuko du, eta aurrerapen horrekin energia berriztagarriek gaur egun dute kristalezko sabaia gainditzea ekarriko luke”, dio IK4-Ikerlan ikertzaile eta ‘Batteries 2020’ proiektuko arduradun Igor Villarrealek. Bere hitzetan, “horrek berdeagoa den ekonomian eragin zuzena izango du”.
Bateria hobeak
Berrerabiltzeko estrategiak bilatzeaz gain, ‘Batteries 2020’ proiektuak auto elektrikoen baterien kalitatea hobetzea ere du helburu. Gaur egun daudenen aldean %30 edo 40eko edukiera gehiago izatea bilatzen dute, eta euren fidagarritasuna bermatu. Era berean, bateria hauen biziraupena luzatzearen helburua ere badute.
Gauzak horrela, ‘Batteries 2020’ egitasmoak Europar Batasunak 2020. urterako finkatutako erronkarekin egiten du bat: Efizientzia energetikoa %20an handitzea, eta energia berriztagarriak bultzatu guztiaren %20a suposatu arte, hala nola karbono dioxidoaren emisioak %20an gutxitu.
2016rako
Aurreikusitako epeen arabera, proiektu honek 2016rako aurre-produktu komertziala izango du. ‘Batteries 2020’ Europar Batasunaren ‘Green car’ egitasmoaren baitan dago, auto elektrikoen prestazioak hobetzeko beharrezkoak diren ezagutzak sustatzea helburu duena. Energia sortzeko prozesuetan CO2ko emisioak gutxitzea lortu den bitartean, automobilgintzako sektoreak ez ditu neurri berdinean helburu horiek bete, eta egitasmo honek arazo honi irtenbidea ematea bilatzen du.
Ingurumenaren esparrutik baino harago joanda, Europar Batasunak merkatuan lehiakorra den posizioa hartzea ere bilatzen du, etorkizunean horrenbesteko garrantzia izan dezakeen auto elektrikoen sektorearen bitartez. Esparru honetan Japon, Txina eta EEBB dira egungo liderrak, eta europar erakundeen helburua ikerketa eta ekoizpen sarea ezartzea da, teknologi esparruko menpekotasun hori gainditu eta merkatuko nitxo horren buruan kokatuz.
Iturria: MONDRABERRI.com
163 visualizaciones