Gaztenpresak, Laboral Kutxaren enplegurako fundazioak, 402 enpresa berri sustatu zituen iaz.
Laboral Kutxaren enplegurako Fundazioak 2015eko bere Memoria aurkeztu du gaur goizean. Xabier Egibar Fundazioko lehendakariak eta Laboral Kutxaren Negozio Garapen Arloko zuzendariak, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak Fundazioak joan den urtean zehar garatutako jardueraren alderdi nagusiak azaldu dituzte.
Enpresa-ideia bideragarri bakar bat ere ez dadila gauzatu gabe geratu aholkularitza- edo finantziazio-gabeziagatik. Horrela laburbiltzen du Gaztenpresak bere izateko arrazoia, eta urtero datuek hala dela frogatzen dute: joan den ekitaldian 402 enpresa berrik ikusi zuten argia, eta 731 pertsonak lanpostu bat aurkitu zuten Gaztenpresaren laguntzari esker.
Gaztenpresako profil ekintzaileei dagokienez, honela laburbiltzen da 2015eko argazkia:
- Batez besteko adina: 39 urte.
- % 46 langabezian zeuden, eta gainerakoen artean, gehienak lanpostua galtzeko arriskuan zeuden.
- % 46 emakumeak izan dira, eta % 54 gizonezkoak.
- % 75ek unibertsitate-mailako ikasketak baino ikasketa baxuagoak zituzten.
- 1,8 lanpostu negozio berri bakoitzeko. Enpresa sustatzen duenak lan-dedikazio nagusia negozioan bertan izatea eskatzen du programak.
Joan den urtean 1.930 proiektu artatu ziren, baina horietatik 402k bakarrik lortu zuten enpresa gisa eratzea. Sortutako enpresen % 27 merkataritza-sektoreari dagozkio, eta gainerakoak hurbileko zerbitzuak dira funtsean. Aipatu beharra dago, Gaztenpresak erabiltzen dituen lan ildo estrategikoei esker, bere bitartez sortzen diren enpresek biziraupen-tasa altua dutela, % 71 ingurukoa, ireki eta 3 urtetara.
Iturria:mondraberri.com
155 visualizaciones
