Eroskik Poltsa Solidarioaren bigarren kanpaina abiarazi du.

Eroskik izaera solidarioa duten poltsak kaleratuko ditu berriro ere, eta oraingo honetan Gurutze Gorria eta Acción contra el hambre entitateen egitasmo ezberdinetara bideratuko du batzen den dirua.  Poltsa berrerabilgarri hauek euro baten truke saltzen dituzte, eta salmentetatik ateratako mozkinak Eroskiko bezeroek aukeratzen dituzten proiektutara bideratuko dituzte.  Horretarako, www.eroski.es webgunean bozkatuko dute.

Supermerkatu-kateko arduradunek TUlankide aldizkariari egindako adierazpenen arabera, Eroskiren Poltsa Solidarioak “oso harrera ona” izan zuen bezeroen artean 2013ko ekitaldian eta, orotara, 105.000 euro batu zituzten, honako hauek ere gizarte-proiektuetara zuzendutakoak.  Horregatik, Eroskik ekimen honen edizio berri bat abiaraztea erabaki du, martxoaren erdialdean martxan jarri zena.

Aurtengo proiektuetako bat `Apoyo a Becas de Comedor Escolar´ delakoa da, Gurutze Gorriko Eskola Arrakastarako Promozioa izeneko programaren baitan dagoena eta zailtasun ekonomikoak pairatzen ari diren familien seme-alabek eskoletako jantokietan bazkaltzea %100ean bermatuko luketen bekak sustatzen dituena.

Bestalde, “Acción contra el Hambre”k Afrikako `Mamás Luz´ delakoei ematen die babesa; Mali, Mauritania, Niger eta Senegalen dagoen haur-hilkortasunaren kontra borrokatzen dutenak.  Horretarako, komunitate bakoitzean `Mamás Luz´ direlakoak identifikatzen dituzte, behar den moduko ohitura eta jarrerei esker osasuntsu eta ondo elikatuta haurrak dituztenak.  Bidezko praktika hauek heziketa-saioen bitartez komunitate bereko beste ama batzuei irakasten dizkiete, `Mamás Luz´ direlakoen egoera berdinean daudenak baina euren sema-alabak desnutrizio egoeran edo hori pairatzeko arriskuan daudenak.

Esan bezala, Poltsa Solidarioaren ekimena aurreneko aldiz 2013an burutu zuen Eroskik eta, erosleen bozketei erantzunez, urte horretan batutako 105.000 euroen erdia Espainiako Elikagai Bankuen Federaziora bideratu zuten, %34a Unicefera eta gainontzeko %16a Osfam Intermónera.

Iturria: MONDRABERRI.com

like0

161 visualizaciones