Eroskik 123 tona gutxiago CO2 sortuko du diseinu berriekin.
Basque Ecodesign Center erakundeko bazkidetza berritu du oraintsu Eroskik, eta, helburuen artean, 2013-2016 aldian %12 CO2 gutxiago (123 tona) sortzea du, ekodiseinua are gehiago ezarriz.
Basque Ecodesign Center enpresek eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute, eta ekodiseinua bultzatzea du helburu. Eroski da banaketa sektoreko enpresa bakarra. Eroskiko Ardura Sozialeko zuzendari Alejandro Martinez Berriotxoak egin du sinadura, Ingurumen sailburu Ana Oregirekin. Eroskiko ordezkariak esan duenez, kooperatibak “ingurumenarekiko konpromisoari” eusten dio eta bere plan estrategikoko puntuetako bat da prozesuen eraginkortasunaren bidez ingurumen sostengarritasuna lortzea. Horren barruan, Eroskiren produktuen ontziak eta bilkariak ahalik eta sostengarrien egitea dago, ekodiseinuaren bitartez.
Ontzi osoa, plastikozkoaTartean, birziklatu daitezkeen material gehiago erabiltzea eta produktuaren bolumena murriztea daude; baita produktua arinagoa egitea, diseinua aldatuz. Horri jarraituz, Eroski markako kosmetika alorreko 18 produkturen ontzien diseinua aldatu du, plastikozko eta kartoizko ontziak egiteari utziz eta bakarrik plastikoa erabiliz, horrela birziklatzeko errazagoa eginez. Horrekin, 111 tona gutxiago CO2 sortzea aurreikusten da.
Eroski markako bi leungarriren diseinua ere aldatu du, leungarriak kontzentratu bihurtuz. Horrela, dosien eta ontzien arteko harremana hobetu da. Hiru urtean, 11 tona gutxiago CO2 sortuko da.
Bestalde, Belle & Care markako hiru produkturen kaxa erakusgarriren diseinuak aldatu dira, kapazitate gehiagokoak eginez. Horrela, ontzi bakoitzaren pisuaren eta produktuaren pisuaren arteko harremana hobetu da. Hiru urtean, tona bat gutxiago CO2 sortzea ekarriko du horrek.
Iturria:goiena.eus
152 visualizaciones