Diseinuari loturiko lanbide-aukera berriak. Design Konferentziak 2015.
Zer eskatzen diete enpresek gazteei lan-merkatuan sartzerakoan? Etorkizuneko enpleguek zer erronka dituzte? MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Industria Diseinari eta horren enplegu-aukerei buruzko jardunaldia egingo du, "Diseinuari loturiko lanbide-aukera berriak: XXI. mendeko erakundeetarako enpleguak" izenburupean. Etorkizuneko enpleguari buruz eta Industria Diseinuaren konpetentzia teknikoen eta sortzaileen ahalmenari buruz gogoeta egitea du helburu. Horretarako, akademia-munduaren eta enpresa-eremuaren arteko elkarrizketa sortuko da, etorkizuneko enpresarako lanbide berriei buruz hitz egiteko eta diseinuaren dimentsio bikoitza, teknikoa eta sortzailea, erakusteko, baita enpresan egiteko berriak garatzeko duen ahalmena erakusteko ere.
Jardunaldia, hain zuzen, maiatzaren 22an egingo da Bilbao Berrikuntza Faktorian eta hainbat enpresatako, hala nola Velatia Taldeko, Bellota Herramientas-eko eta Telefónicako, adituak bilduko ditu. Horiek beren esperientziei buruz hitz egingo dute, baita profesionalak erakartzeko eta prestatzeko orduan dituzten beharrei buruz ere. Gainera, jardunaldian Industria Diseinuko aditurik handienetako batek hartuko du parte, Kaliforniako Nathan Shedroffek. Diseinuaren aukera berriei buruz mintzatuko da.
Jardunaldia
Jardunaldia BEAZeko zuzendari eta BIDCeko (Bilbao-Bizkaia Design & Creative Council-eko) idazkari Juan Diegok eta MONDRAGON UNIBERTSITATEKO irakasle eta ikertzaile eta Design Konferentziak-eko koordinatzaile Elisabeth Urrutiak aurkeztuko dute. Horren ostean, Velatia Taldeko garapen korporatiboko zuzendari nagusi Joseba Jayok "Etorkizuneko enplegu erronkak" gaiari buruz hitz egingo die bertaratuei. Bellotako merkataritzako eta marketineko arduradun Rafael Oliver, bestalde, “Industria Diseinua lehiatzeko tresna errentagarria” gaiari buruz mintzatuko da. Ondoren (10:30-11:00), “Ezer ez dakigunean” izenburupean, hitzaldia eskainiko dute Telefónicako Rafael Rebolledak eta Quino Terceñok.
Nathan Shedroff kontsultariak “Diseinuaren aukera berriak” gaia jorratuko du. Nathan Esperientzien Diseinuko ikertzaile aitzindaria eta itzal handikoa da. Nazioarteko mintegi eta konferentzietan hitz egin du, makina bat artikulu eta testu idatzi ditu “Experience Desing”i buruz eta “Making Meaning”en egilekidea da. Egun Estrategia Diseinuko MBAren zuzendaria da California College of Arts-en, baita master horren sortzailea ere.
Gainera, Praxis XXIeko zuzendari Laurent Ogelek “Talde sortzaile baten konpetentziak eta trebetasunak” gaiari buruz hitz egingo du. MONDRAGON UNIBERTSITATEKO irakasle ikertzaile Nestor Aranak “Problemetan eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzako ereduak” gaia jorratuko du; eta azken hitzaldia Jon Rodríguezek, MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN Industria Diseinuko Masterreko ikasle ohiak eta egun Philipseko diseinu estrategikoko kontsultariak, emango du. Ixte instituzionalaz unibertsitateko errektore Vicente Atxa arduratuko da (13:30).
Goizeko hitzaldien ostean, arratsaldean lantegi praktikoak egingo dira, MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Diseinu Estrategikoko Masterreko talde akademikoak koordinatuta. Lantegi horiek "Zerbitzuak diseinatzean erabiltzailearen esperientziak duen garrantzia”ri buruzkoak dira. Parte-hartzaileek bezeroan oinarrituriko zerbitzuak nola sortu ikasiko dute.
Jardunaldia honako hauei zuzenduta dago: zuzenduta dago: ingeniaritzan, industria-diseinuan, marketinean, arkitekturan, enpresen administrazioan, ekintzailetzan eta abarrean titulua jaso berri dutenei, eta etorkizuneko lanbideei eta egungo lan-merkatuaren egoerara egokitzeko moduari buruz gogoeta egin nahi dutenei.
Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra
MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Industria Diseinuari loturiko gaien inguruko prestakuntza, ikerketa eta transferentzia sustatzearen aldeko apustua egin du Bilboko bere egoitza berrian, BBFn (Bilbao Berrikuntza Faktorian). Horretarako, Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra jarriko du martxan irailean. Masterraren helburua produktu eta zerbitzu berriak sortzeko gai izango diren profesional berriak prestatzea da. Masterrak merkatua, teknologia eta negozioa uztartzen dituen ikuspegia sustatzen du produktu eta zerbitzu berriak kontzeptualizatzeko orduan, eta industriako nahiz zerbitzuetako enpresetan jartzen du arreta.
Iturria: MONDRAGON. EDU
117 visualizaciones
