Datorren martxoaren 20an egingo dira aurtengo Komunikaldiak
Datorren martxoaren 20an egingo dituzte HUHEZIk antolatutako Komunikaldiak 2013 jardunaldiak. Aurten zortzigarren aldia da HUHEZIk jardunaldi monografiko hauek antolatzen dituena, eta aurtengo ekitaldia egiteko Garaia Berrikuntza Gunea aukeratu duMondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. 2006an hasi zen HUHEZI Komunikaldiak antolatzen, eta hasiera-hasieratik bere helburuak berdina izaten jarraitu du: komunikazioarekin harremanetan dagoen gai bat egun bakarrean lantzea, gai horretan aditua diren zenbiat profesional eta aditurekin.
Aurtengo Komunikaldietarako Ideia Laborategien gaia hartu dute HUHEZIkoek. Datorren martxoaren 20an, asteazkenean, Garaia Berrikuntza gunean izango diren jardunaldietan Euskal Herritik zein atzerritik etorritako adituek parte hartuko dute.
Egunarekin hasteko Jon Altuna MUko errektoreordeak ongietorria egingo die Komunikaldiak 2013an parte hartuko duten guztiei. Horren ostean Renoko Unibertsitatetik datorren Tania Arriaga irakasleak "Munduan zertan den ideien laborategien kontua. Ikuspegi orokorra eta testuingurua" hitzaldia emango du. Jarraian Collective Intelligence taldeko George Por-ek "Zelan suspertu berrikuntza komunikazioaren arloan" saioa emango du Goiena eta HUHEZIren arteko ideia laborategiaren esperientziak ezagutu aurretik.
Goiz erdirako Euskal Herrian eman diren ideia laborategi desberdinen esperientziak ezagutzera emango dituen mahai ingurua egingo dute. Amaia Beitiak moderatzaile lanak egingo dituen bitartean, Mange Manovell Dinamik Ideas taldeko kideak, H-Eneako Eukene Barrenetxeak eta Basque Ecodesign Centerreko Gorane Ibarrak hartuko dute parte. Eguerdian bazkaltzeko etena egingo dute, eta arratsaldean ekintzailetasuna sustatzeko dinamikaz jardungo dute Komunikaldiak 2013ak isteko.
Iturria eta irudia: MONDRABERRI.com
142 visualizaciones