Caja Laboral Ipar Kutxa aitzindaria da estatuan bankaseguruen eredu espezialista ezartzen
Caja Laboral Ipar Kutxak Bankaseguruen eredu berritzailea jarriko du abian, datorren urtarrilaren 2tik aurrera, eta aseguruetan espezializaturiko zerbitzua eskainiko du. Horrek bere sukurtsal-eredu berria aberastuko du. Banku- eta aseguru-gaietan bezeroei kalitatezko aholkularitza pertsonalizatua eskaintzea da kooperatibaren helburua, kalitate horrek merkatuan bereizteko aukera emango baitio.
Horretarako, espezializazioan eta kalitatezko zerbitzuan oinarrituz bezeroarenganako orientazioaren aldeko apustua areagotuz, Lagun Aroko aseguruaren alorreko 200 espezialista sartuko ditu Entitateak urte berrian (konpainiaren produktu-aukera zabala merkaturatzeaz arduratuko dira). Gaur egun bezero mota guztiak (partikularrak, autonomoak eta mikroenpresak) artatzen dituzten kudeatzaileen taldean eta enpresen sare espezializatuan sartuko dira. Horrela, datorren urtean, 500dik gora kudeatzaile espezialista izango ditu Entitateak, enpresen, banka pertsonalaren, autonomoen eta aseguruen alorretan, etengabeko prestakuntza-prozesu zorrotz batean murgilduta.
Filosofia horretan funtsatuz eta Euskadiko Kutxak 2011n Seguros Lagun Aroren % 100 eskuratzearen ondorioz, egungo egoera finantzarioan aitzindari den apustu estrategiko bat egin zen: Bankaseguruetan espezializatutako estatuko lehen erakunde bihurtzea, sektorean 30 urtetik gorako esperientzia duen talde baten bidez. Gure finantza-sektorean berria da formula hori.
2012an zehar 70 kudeatzaile espezialista sartu dira sukurtsal-sarean, eta 2013tik aurrera 200dik gora gehiago sartuko dira.
Gainera, EAEko eta Nafarroako hiriburuetan eta herri nagusietan irekita utziko dira aseguru-sukurtsal batzuk, nahi duten bezeroei arreta eta zerbitzua ematen jarraitzeko.
Aholkularitza eta hurbiltasuna
Caja Laboral Ipar Kutxak ez du besterik gabe aseguruak saltzen dituen bankua izan nahi, hori ohikoa baita beste erakunde batzuetan ere. Aseguru-konpainia bat Entitatean bertan txertatuta izateari esker, estatuan parerik ez duen finantza-aholkularitzako eta aseguruetako zerbitzu bat emateko aukera dugu.
Aseguruetan adituak diren langileak finantza-sukurtsaletan txertatuz, nabarmen handitu da bezeroen arretarako guneen kopurua: 65etik 460 baino gehiagora. Horrela, bezeroekiko gertutasunean eta irisgarritasunean irabazi dugu.
Lagun Arok, % 100ean Caja Laboral Ipar Kutxaren jabetzakoa izanik, aseguru lehiakor eta kalitatezkoak garatzen eta istripuak artatu eta kudeatzeko zerbitzuan bikaintasuna eskaintzen jarraituko du. Era berean, bitartekarien sarea indartzen segituko du, EAEn eta Nafarroan aitzindari izaten eta dagoeneko presentzia baduen gainerako eremuetan finkatzen jarraitzeko.
Aseguratzaileak ekitaldi honetarako aurreikusitako emaitzak aurrekoak baino handiagoak izan dira, eta berretsi egin dute egungo estrategiaren alde egindako apustuaren egokitasuna. Gainera, egitasmo estrategiko berri horrek etorkizuneko emaitzak nabarmen hobetzea bilatzen du. Gaur egun, Lagun Arok 364.000 bezero eta 500dik gora bitartekari ditu estatu osoan.
Bankaseguruen proiektua ezartzearen bidez, Caja Laboral Ipar Kutxa Taldeak etorkizuneko estrategia eraikitzeko oinarriak finkatu ditu. Estrategia horren bidez, bezeroarenganako orientazioa espezializazio- eta kalitate-maila handiagoan, kanal anitzetan… oinarrituko da, balio kooperatiboak kontuan hartuz, Mondragon korporazioko finantza-erakunde honen ezaugarri izan baitira, hasiera-hasieratik. Balio horien artean, erakundea osatzen duten pertsonen konpromisoa eta parte-hartzea daude, gizartean aberastasuna sortzera bideraturiko gizarte-ekonomiako entitatearen oinarri
Iturria: MONDRABERRI.com
159 visualizaciones
