Barne-ekintzailetza bultzatzeko ekimena egingo du Mondragonek seigarren urtez.

Seigarren urtez, ekintzailetza bultzatzeko Saioka ekimena egingo du Mondragonen BACek. Izen emate epea zabalik dago. Ekimena bera uztailaren 7an eta 14an izango da.

Aurreko bost edizioek izandako arrakastaren ondorioz -guztira 92 pertsonak parte hartu zuten–, seigarren aldiz antolatu du Mondragonek Saioka.

Helburua da Mondragoneko kooperatibetan “ekintzaileak detektatzea eta sustatzea”, eta korporazioaren jarduera ekintzailean “jauzi kualitatiboa” egiteko beharrezko estrategietako bat da.

Horregatik, honako ezaugarri hauek dituzten pertsonen bila ari da Mondragonen BAC ekimena:
    •    Negozio berriei ekiteko ardura eta grina
    •    Mondragoneko kooperatiba bateko lan bazkideak izatea
    •    Gutxienez 5 urteko lan esperientzia edukitzea
 
Pertsona horiei Saiokaren 6. edizioan parte hartzea proposatzen die Korporazioak, eta helburu konkretuekin, gainera:
    •    Ekintzaileen profila, motibazioa eta erabiltzen duten pentsamenduaren logika ezagutzea.
    •    Jarduera ekintzaile bat gauzatzeko behar diren trebetasunak eta gaitasunak bereganatzeko.
    •    Enpresa jarduera berri baten balio eskaintza diseinatzea eta negozio eredua optimizatzea.
    •    Enpresa jarduera berri bat abiarazteari lotutako erronkak identifikatzea.
    •    Negozio ideia gauzatzeko baliabideak eskuratzea (aholkularitza, harreman sareak, finantzaketa…).
    •    Enpresa proiektua gauzatzera bideratutako Lan Plan bat garatzea.
 
Modu osagarrian, Saiokak aukera emango die pertsona horiei Mondragon barruan antolatutako ekintzaile sarean sartzeko eta, bide batez, negozio berriak abiarazteko kezka eta grina daukaten beste pertsona batzuk ezagutzeko; sustapen esperientziak eta erronka pertsonal nahiz profesionalak ere partekatzeko; eta, agian, baita diziplina askoko eta kooperatiba arteko taldeak sortzeko ere, negozio berriak sustatzeko helburuarekin.

Saioka saioak prestakuntza intentsiboaren filosofiarekin garatzen dira, eta bi lanegun oso behar dira osatzeko. Uztailaren 7 eta 14an, Aretxabaletako Otalora jauregian, Formazio Kooperatiboko Zentroan, egingo da seigarren edizioa, eta bertan parte-hartzea doakoa da Mondragoneko kooperatibetako lan bazkideentzat.

Bertan esku-hartzeko interesa duten pertsonek BACen ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu dezakete, telefonoz deituz (943 77 20 64) edo posta elektronikoko helbidera mezua bidaliz (morobengoa@iseamcc.net).

like0

162 visualizaciones