Badira bagara dokumentalaren aurkezpena
Pasa den ostiralean, irailak 6, arratsaldeko 19:30etan, Tuterako Argia Ikastolari buruzko dokumentala aurkeztu zen Basque Culinary Centerren.
Ekitaldi honetan, Tuterako Argia Ikastolako kideetaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentuko ordezkariak eta politika, kirok, kultura eta komunikazio munduko hainbat aurpegi ezagun izan ziren bertan.
Erriberako euskararen egoera salatzea helburu duen “Badira, Bagara” dokumentala Mondragon Unibertsitateko Marta Prol, Itxaso Frau eta Olatz Artolaren ikasleen karrera bukaerako lana izan da. 27 minutuan irakasle, ikasle eta baita amonek ere, hezkuntza talde honen eguneroko lana azaltzen dute eta autoreen iritziz emakumeek paper bereziki garrantzitsu bat bete dute.
Ekitaldian zehar, Argia Ikastolako lehendakariak, Susana Suárezek, ikastola txiki hau eremu ez euskalduneko %50rentzat euskaraz ikasteko aukera bakarra dela aipatu zuen. Nafarroak bizi duen eremu zatiketari aipamena eginez “Vascuencearen” Foru Legeak (1986) ito egiten gaituela eta euskara itotzen ari dela esan zuen. Suarezi Dokumentalaren aurkezpena Gipuzkoako hiriburuan egitearen arrazoia galdetzerakoan, erkidegoan gure egoera ez dela ezagutzen adierazi zuen: bertatik begiratuta ume batek euskaraz ikasi ahal izateko egunero ia 100km egin beharrak eta bere familiak gastu guztiak bere gain hartu beharrak fikzioa dirudi.
Ekitaldiaren antolatzaileek azaldu zutenez, dokumentalaren hedapenerako, euskararen alde egiten duten erakunde guztiei eskainiko zaie lana; era honetan, Europako Instituzioek behin eta berriz salaturiko Nafar Gobernuaren Hizkuntza Politikak dituen ondorioak ezagutu ditzaten. Datorren abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen, dokumentala Katalunian aurkeztuko zela ere aipatu zuten eta aurtengo Nafarroa Oinez festaren antolatzaile izaki bere lema gogorarazi zuen:
"Taupadaz bat egin."
Informazio gehiago: http://www.badirabagara.com helbidean
Iturria: MONDRAGON.edu
139 visualizaciones