Aretxabaletako Copreci kooperatibak 50. urteurrena ospatuko du aurten

Urteurrenaren harira bideo korporatiboa gertatzen dabiltza. Modu horretan, kooperatiba ezagutzera emateaz gain, merkatua zabaltzen jarraitu gura dute. Bideoaren trailerra Italian aurkeztu zuten abenduaren 5ean, Indesitek bere hornitzaileei egindako esker on ekitaldian. Hain zuzen, Coprecik berrikuntza arloan egiten duen lana saritu eta eskertu zuen Indesitek. 

Italiako Fabriano herrian egindako ekitaldian, Coprecik berrikuntza saileko hornitzaile estrategikoaren saria jaso zuen Indesit Company-ren eskutik. Seigarren urtea da Indesitek Supplier Award 2012 sariak banatzen dituena. Sari horrekin, bi enpresen arteko hartu-emanak indartu egin dira. Nabarmendu behar da Italiako Ilpea enpresarekin batera jaso zuela saria Coprecik.

Gas bidezko sukaldeetan gasa erregulatzeko sortutako irtenbide dotore eta ekonomikoagatik jaso du saria Coprecik. Javier Oleaga Copreciko zuzendariak jaso zuen saria.  

Bideo korporatiboa

Marketin saila dabil bideo korporatiboa gertatzeko lanetan, Aretxabaletako Arteman komunikazio kooperatibarekin batera. Kooperatibaren asmoa da 2013an hainbat hizkuntzatan editatzea bideoa.

Mundu guztian

Coprecin etxetresna elektrikoendako osagaiak egiten dituzte 1963a ezkero. Sorreratik bezeroari bideratutako kooperatiba izan da Copreci. Gaur egun, munduko hainbat herrialdetan ditu produkzio fabrikak: Txinan, Txekiar Errepublikan, Brasilen, Mexikon, Italian eta Turkian. Horiei esker, Aretxabaletako kooperatibak ia mundu guztian eskaini ahal ditu produktuak.

Iturria: goiena.net

 

like0

83 visualizaciones