Elikadura osasungarriaren inguruko lan-jardunaldia egiten dabiltza askotariko eragileak, Mondragon Health-en eskutik.

Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira eta Mondragon Health-en ekimenez, Alejandro Jadad medikuaren gidaritzapeko lan-jardunaldia egiten dabiltza erabakitzeko gaitasuna eta eragina duten askotariko pertsonak, Mondragon Korporazioko eta kooperatiba batzuetako agintariak tartean, baina baita Osakidetzako eta Euskal Herritik kanpoko osasun erakundeetatik etorritako ordezkariak ere. Donostian egiten ari dira jardunaldia.

Parte-hartzaileak. Argazkilaria: Javier Salaverria (Orona Fundazioa). | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasunaren gaiaren barruan, elikadura osasungarriaren gaia aukeratu dute gaurko lan-jardunaldirako. Mondragon Health-ek negozio berrien sorreran duen interesa agertu eta horri eragin nahi izan dio jardunaldi horrekin.

Sei bat laguneko lan-mahaiak osatu dituzte goizean. Osaketa bariatua izan dute taldetxo horiek, ikuspuntu desberdinak uztartzeko. Bertan egon dira, esaterako, Mondragon Korporazioko presidente Javier Sotil, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Korporazioko Berrikuntza presidenteorde Juan Mari Palencia, Mondragon Health-eko zuzendari orokor Juanjo Rubio, Orona Fundazioko Garapen zuzendari Iñigo Marquet (Orona Ideon izaten ari da gaurko jardunaldia), eta baita Eroski eta Ausolaneko agintariak, hezkuntza erakundeetakoak, osasun erakundeetakoak… Helburua izan da negozio berrien ideiak mahai gainean ipintzea, ez bakarrik Mondragon Korporazioko eragileekin, baita kanpoko eragileekin ere.

Arratsaldean, ideia desiragarri horien artean bideragarri direnak identifikatu eta horien aukerak aztertuko dituzte.

Jardunaldia gidatzen Alejandro Jadad mediku eta aditu kolonbiarra dabil. Bere metodologiak erabilita dinamizatu dute taldeko lana. Jadadek 100 herrialdetik gora bisitatu ditu buru, erakunde, tresna eta ezagutza onenen bila.

Atzo, eguaztena, egin zuten saioaren lehen zatia, Basque Culinary Centerren.

Iturria: GOIENA.eus

like0

Viewed 217 times