Arizmendiarrieta 100 urte.
Gaur betetzen da On Jose María Arizmendiarrieta Madariagaren jaiotzaren mendeurrena. Mondragoneko esperientzia kooperatiboaren sustatzailea izan zen Arizmendiarrieta eta, besteak beste, Mondragon Unibertsitatearen oinarrien fundatzaile.
On Jose Maria, hala deitzen zioten bere ikaslagunek, apaiz ameslaria zen, langile nekaezina, ilusio-sortzailea eta proiektu elkartu eta komunitate-proiektuen sortzailea. Humanismoaren balioen sustatzaile izan zen, berritzailea, arriskuak hartzen zituena, iraultzailea, apurtzailea eta bere pentsakera errealitatera egokitzeko gaitua zegoen. Helburu garbia zuen beti, enpresa eraldatu gizartea eraldatzeko.
Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartetik azpimarratzen duten bezala, Arrasateko Parrokiako apaiz lagunkide apala izatea beste kargurik ez zuen. Ez zeukan botererik sustatu zituen enpresa eta gizarte ekimenetan, baina inork ez du zalantzarik esperientzia kooperatiboan bere eragina erabakiorra izan zela.
Aurten, jaio zeneko mendeurrena ospatzen da eta MONDRAGON UNIBERTSITATETIK omenaldia egingo diogu, bera eta bere lana aintzatetsiz, enpresa eta gizartearen garapenean egindako ekarpenagatik eta gaur egun MONDRAGON UNIBERTSITATEA dena sortzen lagundu izanagatik.
Mendeurrena ospatzeko, gaur, apirilaren 22an, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoko lorategian dagoen Arizmendiarrietaren eskultura lorez apainduko da eta campus guztietan bere irudiaren kartelak zintzilikatuko dira.
Era berean, uztailaren 6tik 9ra, MONDRAGON UNIBERTSITATEAK antolatutako “International Joint Conference on the Learner in Engineering Education” hezkuntzari buruzko nazioarteko kongresua izango da Donostialdeko campusean (Orona Ideon).
ARIZMENDIARRIETA ETA MONDRAGON UNIBERTSITATEAApirilaren 22an jaio zen Barinaga elizateko Iturbe baserrian, Markina-Xemeinen, Bizkaian. 1927an, 12 urterekin, bere maiorazkoari uko egin eta Gaztelu-Elexabeitia apaiztegira joan zen apaiz ikasketak egin nahian. 1940an apaiz izendatu zuten eta 1941eko otsailaren 5ean Arrasateko San Juan Bautista Parrokiko apaiz lagunkide gisa etorri zen bere lanari hasiera emanez.
“Hezkuntza amortizatzen ez den inbertsioa” dela atsotitz entzutetsuarekin, 1943an Arrasateko Eskola Profesionala sortu zuen 20 ikaslerekin. Ikasleak, Arrasateko Eskola Profesionalean ikasi ondoren, Zaragozako industria perituen eskolan egin zituzten azterketak 1952an eta horrela kaleratu zen industria peritoen lehen promozioa.
Hauek izan ziren ondoren, 1956an, ULGOR enpresaren (Usatorre, Larrañaga, Gorroñogoitia, Ormaetxea eta Ortubay) eta FAGOR markaren sortzaileak. 1959. urtetik aurrera hainbat kooperatibaren sorrera bultzatu zuen, Caja Laboral Popular, Lagun Aro, …eta Bailarako Kooperatiba Taldea, beranduago MCC bilakatuko zena.
Arizmendiarrietak zioenari jarraituz, “hezkuntzak askatuko zaitu”, gaur egun Mondragon Unibertsitatea osatzen duten Enpresagintza eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateen sorrera ere bultzatu zuen. 1960an ETEO sortu zen Oñatin, Arizmendiarrietak bultzatutako gazte talde baten ekimenez, administrazio eta enpresa trebakuntza emateko helburuarekin. 1976an Irakasle Eskola sortu zen Eskoriatzan, irakaskuntzako profesional euskaldunak prestatzeko xedearekin.
Iturria:MONDRAGON.edu
Viewed 173 times

 
                  
                 
                  
                 
                


