Mondragon Unibertsitatea buru, Europako Unibertsitate Dualen biltzarra egingo da.
2a. Mondragon Unibertsitateak EU4Dual – Europako Unibertsitate Dualaren II. Biltzarra egingo du gaur Hernanin. EU4Dual 2023an jarri zen martxan, eta, harrezkeroztik, Mondragon Unibertsitateak zuzentzen du, Estatuan eta Europan prestakuntza dualean duen lidergoari esker; izan ere, 1966az geroztik eskaintzen du prestakuntza-mota hori. Prestakuntza duala baliatuz Europako goi- mailako hezkuntzaren kalitatea hobetzea eta Europako eta munduko erronkei erantzutea da Europako aliantzaren helburua. Ekonomia berdearen, lanaren etorkizunaren eta goi- mailako hezkuntza dualaren arloetan aurten munduan egin diren proiektu eta aurrerapen nagusiak jorratuko ditu biltzarrak. Horretarako, gai horiekin lotutako 51 lanik onenak azalduko dira.
Hori guztia gaur gertatuko da, 09:00etatik 17:00etara, Mondragon Unibertsitatearen Galarretako EKO Campusean, Hernanin. Bihar, ESTIA institutuan egingo da, Bidarten (Frantzian).
Biltzarrean, 300 pertsona inguru bilduko dira: ikertzaileak, ikasleak (horietatik 130, 21 herrialdetakoak) eta irakasleak. Aurten aukeratutako gaien esparruan egindako 51 azterlanik eta proiekturik onenak azalduko dituzte parte-hartzaileek, eta gaur egungo hezkuntza dualaren errealitateari buruzko hitzaldi eta mahai-inguruetan jardungo dute.
Hona hemen Lanaren Etorkizunaren ardatzean azalduko diren proiektuetako batzuk: industria adimenduna, 5.0 industria, ekoizpen digitala, lanaren eta enpleguaren kalitatea, eta automatizazio industriala. Ekonomia berdearen multzoan, energia-krisiaren, isurtze txikien ekonomiaren, ekonomia zirkularraren, energia berriztagarrien eta baliabideen efizientziaren esparruetako proiekturik onenak sartuko dira. Azkenik, goi-mailako hezkuntza dualari dagokionez, prestakuntza duala hainbat herrialdetan ezartzeko politikak, prestakuntza dualak enpresekin duen harremana, Espainiako hezkuntza dualaren garapena, Espainiako hezkuntza dualaren paradigma berria eta enplegagarritasuna izango dira, besteak beste, aztergai. Bertelsmann Fundazioak eginak dira lan guztiak.
Europako Unibertsitate Duala
Kontinentean bikaintasun-prestakuntza duala sustatzeko Europako aliantza duela bi urte jarri zen martxan. Harrezkero, Europako unibertsitateek eta beste erakunde batzuek bultzatuta, hainbat jarduera abiarazi dira; esaterako, ikerketa-proiektuak; ikasle, ikertzaile eta irakasleen trukea, eta hezkuntza dualean urratsak egiten lagunduko duten hitzaldiak eta jardunaldiak. Arlo akademikoan, Europako Unibertsitate Duala sortzea ahalbidetu du aliantzak, eta 2025eko irailean emango du lehen prestakuntza: Fabrikazio Digital eta Jasangarriko Ingeniaritzako Europako Baterako Master Duala. Partzuergoko lau unibertsitatetan emango da, eta ikasleek seihilekoka eta espezialitateen arabera aukeratu ahal izango dute unibertsitatea. Eskaintza handitu egingo da 2026-2027 ikasturtean; izan ere, beste bi master eta doktorego-programa bat ere eskainiko dira. 2027-2028 ikasturtean, berriz, beste bi master gehituko zaizkio eskaintzari.
Alemaniako, Frantziako, Finlandiako, Austriako, Hungariako, Kroaziako, Poloniako, Maltako eta Espainiako 9 unibertsitatek osatzen dute Europako Unibertsitate Aliantza. Guztiak ere oso konprometituta daude beren industria-ingurunearekin, eta prestakuntza dualeko eredu propioak jarri dituzte abian. Hauek dira, hain zuzen, EU4Dual osatzen duten unibertsitateak: Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), Mondragon Unibertsitatea (Espainia), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta) eta Koszalin University of Technology (Polonia).
Goi-mailako hezkuntza-erakunde akademikoak dira guztiak, industrializazio-maila handiko eskualdeetan daude, eta konpromiso sendoa dute eskualde horietako enpresa- inguruneekin. Izan ere, beren hezkuntza-eredu kooperatibo edo dualak garatu dituzte haietan, non ikasleek ikastaldi praktikoak —enpresetan eta erakundeetan— eta ikastaldi akademikoak konbinatzen dituzten.
Fabrikazio Digital eta Jasangarriko Ingeniaritzako Europako Baterako Masterra
Fabrikazio Digital eta Jasangarriko Ingeniaritzako Europako Baterako Masterra 20252026 ikasturterako jarriko da martxan, eta fabrikazio aurreratua eta industria estrategikoa ditu ardatz. Europako Unibertsitate Dualak eskainitako lehen masterra izango da. 2028rako, unibertsitateak beste lau master eta doktorego industrial bat izango ditu.
Master bakoitzak gradudunen profil-mota berria ekarriko du, eta ezaugarri hauek izango ditu: nazioarteko kasu praktikoak aztertuko ditu, Europako adituen eskolak jaso, ikerketa-proiektu globaletan parte hartu eta atzerrian ikasi, nazioarteko lankidetzan aritu teknologia digitalen bidez, eta/edo beste herrialde batean praktikak egin. Gainera, parte- hartzaileek gutxienez 5 hilabeteko lan-esperientzia jasoko dute, Europako enpresa batean praktikak eginez —soldata egokia jasoko dute—.
Horrez gain, programak nazioarteko mugikortasuna sustatzen du: ikasleek aukera dute gutxienez Europako hiru unibertsitatetan ikasketa esperientzia izateko, programa trinko erdipresentzial baten bidez, lehen seihilekoan. Horri esker, haien prestakuntza akademikoa aberastu egiten da, eta Europako harreman-sarea zabaldu.
Hauek dira masterra emango duten unibertsitateak: Mondragon Unibertsitatea, FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), ESTIA Institute of Technology (Frantzia) eta Koszalin University of Technology (Polonia). Bigarren seihilekoan, ikasleek masterreko espezialitatea aukeratuko dute, eta, hirugarrenean, lan egingo dute, espezialitatea ikasi duten herrialdeko enpresa batean nagusiki. Mondragon Unibertsitatearen kasuan, Fabrikazio Adimendunaren Simulazioan Oinarritutako Berrikuntza da espezialitatea.
Eredu duala Mondragon Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da prestakuntza dualean —1966tik eskaintzen duen eta ikasketa eta lana uztartzen dituen ereduan—, eta liderra Euskadin eta Estatuan. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko titulazioen % 60 —unibertsitateko 12 gradu eta 14 master— dualak dira, eta ikasleen % 30ek eredu horretan ikasten dute. Datozen 5 urteetan eredu hori sustatzen jarraituko du unibertsitateak, eta aurreikusten du ikasleen erdiak dualak izatea 2028rako.
Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da prestakuntza dualean —1966tik eskaintzen duen eta ikasketa eta lana uztartzen dituen ereduan—, eta liderra Euskadin eta Estatuan. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko titulazioen % 60 —unibertsitateko 12 gradu eta 14 master— dualak dira, eta ikasleen % 30ek eredu horretan ikasten dute. Datozen 5 urteetan eredu hori sustatzen jarraituko du unibertsitateak, eta aurreikusten du ikasleen erdiak dualak izatea 2028rako.
Ikasketa eta lana uztartzen dituen eredu horretan izandako bilakaerari esker, Mondragon Unibertsitatea erreferentziazko unibertsitatea bihurtu da prestakuntza DUALean, EU4Dual Europako proiektuaren buru izateraino.
Iturria: mondraberri.eus
Viewed 21 times