Mondragon Unibertsitateak LEINN graduko lehen ikasturteko 160 ekintzaile/ikasleak biltzen ditu.

LEINN graduko lehen mailako ikasleek hartuko dute parte Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatearen Oñatiko kanpusean gaur egingo duten jardunaldian. Estatuan bakarra den Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako gradua 2009an jarri zuten abian. Guztira 160 leinner bilduko dira gaurko ekitaldian, eta taldean lan egiteko hainbat ekimen jarriko dituzte abian. Oñatiko eta Bidasoako kanpusetako ikasleez gain, LEINN graduak Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Amsterdamen dituen guneetako partaideak izango dira bertan.

Mondragon Unibertsitatearen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) gradua mota horretako gradu ofizial bakarra da Espainian, eta ikasketak burutu dituztenen artean ez dago langaberik. LEINN ikasketak burutu dituzten lagunen % 100 graduarekin lotutako jardueretan ari dira lanean, hau da, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren inguruko gaietan.

LEINN gradua

Ikasketa eredu horien metodoaren abiapuntua honako hau da: gauzak eta horiek egiteko modua zalantzan jarriko dituzten pertsonak behar ditu gizarteak. Horrela bakarrik lortuko dugu sistemak eraginkortasun nahikoa izatea berritzeko eta ekiteko. Azken finean, enpresa, proiektu, negozio eta produktu berriak sortzeko eta gizartean aberastasuna areagotzeko. Eredu tradizionala ez da gai horrelakorik sortzeko, ezta gazteen artean ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko ere. Horregatik, beharrezkoa zen berrikuntzaren eta ekintzailetzaren kultura sortuko duen metodologia berria abian jartzea.

Team Academyk azken bi hamarkadetan Finlandian arrakastaz garatu dituen metodologiak erabiltzen ditu LEINNek, Mondragon Team Academy unitatearen bitartez. Izan ere, metodologia horiek nazioartean eredugarri bilakatu dira goi mailako hezkuntzari dagokionez. LEINN Mondragon Unibertsitatearen graduko titulu ofiziala da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan onartu duena. Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultateko Mondragon Team Academy unitatearen bitartez ematen da.

Iturria: MONDRAGON.edu

 

like0

Viewed 147 times