Ekiola kooperatiban familiak bazkide izateko izen-ematea urriaren 18an irekiko da.

Arrasateko Garaia parke teknologikoaren esparruan eraikiko da instalazio fotovoltaikoa, eta Leintz Gatzagako, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko 600 familia ingururi banatuko dio argindarra, energia fosiletatik trantsizio energetikorako saltoa emanaz. 

Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du, eta dagoeneko ia milioi bat euro bermatuta daude. Izan ere, Europar Batasuneko Next generation funtsetik 600.000 eurotik gora jasoko ditu Leintz Bailarako Ekiolak, baita Fagor taldearen 350.000 eurotiko gorako ekarpena ere.

Azaroa eta abendua artean hasiko dira instalazio energetikoa eraikitzen. 10.000 metro karratuko lurzoruan, 2.300 panel fotoboltaiko jarriko dituzte, orduko 1,35 gigabatio ekoizteko.

Lehenengo fasean 400 familia inguruk eman zuten izena aurre-inskripzioan, eta horiek izango dute bazkide egiteko lehentasuna. Familiek 1.239 euro inguruko ekarpena egin beharko lukete. Epe luzera deskontu nabarmena, "%25 eta %30 artekoa", suposatuko luke etxeko energia Ekiolaren bitartez eskuratzeak. 

Izen-ematea, fisikoki edo online bidez

Urriaren 18tik aurrera egin ahalko da Ekiolako bazkide. Horretarako eta informazio osatua jakiteko, bulego fisikoak egongo dira, Arrasaten Biztanleen Arreta Zerbitzuan –astearte, ostegun eta ostiraletan–, Aretxabaletan Murrukixo elkartearen egoitzan –asteazkenetan– eta Eskoriatzan udaletxeko lehenengo solairuan –astelehenetan. Astebete goizez zabalduko dituzte arreta zerbitzuak, eta hurrengo astebetean arratsaldez. Online bidez ere egongo da izena emateko aukera, ekiola.eus webgunearen Leintz Bailara atalean.

Iturria: goiena.eus

like0

Viewed 73 times